Pako Legorburu: "Demokraziako lehen udalbatzarra izanik ilusio handiarekin heldu ginen, eta lan egiteko gogoz"

Mireia Bikuña 2010ko abe. 27a, 01:00

Pako Legorburu (Antzuola, 1933) demokrazia garaiko lehen alkatea izan zen Antzuolan. 1979tik 1983ra egon zen Udala zuzentzen.

Guztira, 11 zinegotzi ziren: sei EAJkoak, hiru ezker abertzalekoak zinegotzi bat alderdi sozialistakoa eta beste bat LKIkoa (Liga Komunista Iraultzailea). Politika egiteko era "asko aldatu" dela esan digu, baina politikarien "funtsa" betikoa dela: "lan egiteko gogoa eduki eta zintzo jokatzea".

Ze oroitzapen dituzu alkate izan zineneko garaiaz?
Demokrazia garaiko lehen udalbatzarra osatu genuen. Hori horrela, ikusmin handia zuten herritarrek, eta baita guk ere. Lanerako gogoz sartu ginen. Ni ez nintzen EAJko afiliatu, baina, alderdikoen eta lagunen animoekin, hauteskundeetara aurkeztea erabaki nuen. Guztiok ezagunak ginen, eta herrikoak, gainera. Nork bere politika egin genuen, baina istiluetan eta haserrealdietan sartu barik. EAJkook gehiengo absolutua genuen, baina ez genuen guk nahi genuen guztia egin. Beste alderdien iritziak eta ekarpenak entzun eta aztertu genituen.
Dena den, ez dut uste orduko politika oraingoa bezalakoa zenik. Gainera, oposizioarekin tratu gertua izan genuen. Nik esango nuke lehen agintaldiarekin herria batu genuela, politikari dagokionez. Zinegotzien arteko hartu-emana ona izan bazen ere, arazoak izan genituen, baina konpontzeko gai izan ginen.

Zeintzuk dira agintaldi hartan egindako lanik aipagarrienak?
Antzuolan uholdeen arriskua izan dugu beti. Hori horrela, Errotaberriko presa bota egin genuen eta Herriko Plaza pasa arte erreka dragatu. Bestalde, herriko kaleak asfaltatu egin genituen eta estolderia lanak bukatu. Gainera, udaletxea berritu egin genuen. Eraberritze lanok irauten zuten bitartean udaletxetik kanpo egin genuen lan.
Era berean, frontoia eraberritu egin genuen: komunak eta dutxak egin eta jarlekuak ipini genituen ikusleendako. Bestalde, medikuntzarako bulegotxoa besterik ez zegoen, eta anbulatorio berria eta egokia prestatu genuen.
Udalera heldu ginenean saihesbidea eginda zegoen, baina herrirako sarrerak eta irteerak falta ziren; horiek ere egin genituen.

Agintaldia bukatu aurretik hirigintza-plana egin zenuten. Saria jaso zuen.
Bai. Guk osatu genuen, baina ezin izan genuen martxan ipini. Gure ondorengo udalbatzarrak egin zuen. Orduko alkateak, hil berri den Jose Mari Ugaldek, jaso zuen saria Espainiako Parlamentuko presidente Gregorio Peces-Barbaren eskutik.

Agintaldi bakarra egin zenuen.
Oso garbi nuen. Orain, alkate asko liberatuta daude, baina orduan udaletxean eta Goizperren egiten nuen lan. Ordu asko lantegian eta baita politikan ere. Lau urterako hartu nuen kargua, eta data heldu zenean, kargua utzi nuen.

Nola ikusten duzu Antzuola?
Xarma berezia du. Hirigintza arloa asko zaindu dute beti, eta horren emaitza da Antzuolak izan duen bilakaera. Herri txiki baina dotorea daukagu.

Eta gaur egungo politika?
Nire ustez, politikariek nork bere sentsibilizazioaren araberako agintaldia izaten dute. Gaur egungo gazteek ez diote kasu handirik egiten politikari. EAJn arazo handia izaten dute hauteskundeetarako zerrendak osatzeko. Iruditzen zait zenbait herritan ezkerrekoak ez diren alderdiek ez dutela lehen besteko indarrik. Politika egiteko modua ere asko aldatu da, baina politikariek izan beharko luketen funtsa berbera da: lan egiteko gogoa eta zintzo jokatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak