Nola gogoratzen duzu garai hura?
Aldaketa handia izan zen. Herriak espero eta desio zuena. Gu ilusio handiz heldu ginen Udalera, eta lan egiteko gogoz.
Nolakoa zen zinegotzien arteko harremana?
Guztira, 11 zinegotzi ginen: sei EAJkoak, hiru ezker abertzalekoak, zinegotzi bat alderdi sozialistakoa eta beste bat LKIkoa (Liga Komunista Iraultzailea). Ezberdinak ginen, baina oso ondo moldatzen ginen. Eztabaidak izaten genituen, adibidez, aurrekontuak egiterakoan, baina gero, denok kafea hartzera joaten ginen elkarrekin. Denekin tratu ona izan nahi nuen, ez zegoen orain dagoen partidismo hori. Gainera, ikusten banuen EAJkoa ez zen beste norbait batzorde baterako aproposa, onartu egiten genuen. Ez geneukan arazorik.
Antzuolaren garapenerako lanean aritzea zen zuen lehentasuna.
Bai. Diputatu sozialista bati futbol zelaia egiteko dirua eta baimena eskatu behar bagenion, nik zinegotzi sozialistarengana jotzen nuen, bidea egiten laguntzeko eskatuz. Berdin ezker abertzalearekin ere: Euskadiko Ezkerra alderdiko diputatu batengana jo aurretik, eurei eskatzen nien laguntza.
Bahituta ere egon zineten. Nola gogoratzen duzu une hura?
Aurreko legealdiak abian jarrita zeukan obra bukatu genuen: herriko estolderia lanak bukatu genituen. Orduan, norbaitek esan zuen ez zuela ordainduko, eta, hori komentatu genuenean, jendeari ez zitzaion batere gustatu. Eta udaletxeko bulegoan geundela –orduan, egungo Oerlikon enpresa dagoen tokian geneukan bulegoa–, batzuek bulegoko ateak itxi eta barruan geunden guztiokin itxialdia egin zuten protesta gisara. Orduan zinegotzi zen Eliseo Gartziak esan zuen: "Así que esto es un secuestro". Hitz horiekin larritu ere egin ziren, nonbait, eta joan egin ziren. Hurrengo egunean, Galiziako egunkari batean ere irten ginen Antzuolako Udala bahituta egon zela zioen titularrarekin.
Telefono gutxi zeuden herrian orduan.
70 telefono zeuden herrian. Neuk ez neukan, eta tailer guztietan ere ez zegoen. Carcia Cordero Gizpukoako Telefonicako zuzendariarengana jo nuen linea berri baten eske. Eta hark Espainiako ordezkariarengana bideratu ninduen: Tomas Allende Garcia Baxter, Nekazaritza ministroa zena. Baina gogoratu nuen nola, Goizperreko langile nintzela, Zaragozako ferian topo egin nuela ministroarekin. Goizper saritu zuten eta saria hark eman zigun. Nik gutuna idatzi nion telefonoarekin genuen arazoa azaltzeko, eta Zaragozan atera genuen argazkia ere bidali nion. Erantzuna etorri zen eta Zumarragako linea probisional bat adjudikatu ziguten; beste 100 telefono baino gehiago! Oso pozik hartu genuen berria.
Egindako lanen artean, zeintzuk azpimarratuko zenituzke?
Antzuolak zuen arazo handiena uholde arazoa zen. Pentsa, Herriko Plazan hiru metrorainoko uholdeak gertatu ziren. Horregatik, Errotaberriko presa bota egin genuen eta Herriko Plaza pasa arte erreka dragatu. Eli Galdos Oñatiko alkatea Jaurlaritzan ere bazebilen lanean, eta haren laguntzarekin lortu genuen obra hura aurrera eramatea.
Bestelako lanen artean, Kalegoienetik Beheko Auzoraino kale guztia asfaltatu genuen. Esan bezala, herriko estolderia lanak ere bukatu genituen, eta udaletxea berritu. Eraberritze lanok irauten zuten bitartean, udaletxetik kanpo egin genuen lan; oraingo Oerlikon enpresa dagoen eraikinean genituen bulegoak. Garai hartan egin genuen Eztala futbol zelaia; ea aurten mailaz igotzen diren! Azpimarratu behar da anbulatorioa egin genuela eta herriko bi sarrerak eta irteerak egokitu genituela.