Hasteko, jaioberriei eta adinekoei omenaldiak

Mireia Bikuña 2025ko uzt. 14a, 13:32

Inma Beristain zinegotzia jaioberriei zapia ipintzen, iaz. Irudia: Goiena.

Txupinazoaren ostean eta Hontzari ongietorria egin aurretik, badira beste ekitaldi garrantzitsu batzuk, antzuolar guztiak elkartzen dituena: omenaldiak, dantzak eta ikurrinaren igoera. Azken hori alborada txistulari taldeko kideek egingo dute aurten.

Asteburuari itxaron barik, eguenean hasiko dira festak herrian; besteak beste, txupinazoarekin eta Hontzaren ongietorriarekin. Baina jaietako lehen egun horrek zerbait berezia badauka omenaldiak izaten dira. Antzuolako jaioberriak eta adinduak protagonista izango dira hasieran.

Adinekoei dagokienez, emakumezko bat eta gizonezko bat omenduko dituzte. Hain justu ere, 93 urteko Maritxu Mondragon eta 92 urteko Eloy Sanchez. Jaietako zapia eta lore-sorta jasoko dute oroigarri. "Badaude zaharragoak diren antzuolarrak. Baina irizpideetako bat da zapia pertsona berari ez ipintzea, bestela sarri gertatuko litzateke pertsona berari urte askoan ematea. Modu horretan, herrikide gehiago omentzen ditugu", azpimarratu du Udaleko Kultura teknikari Jone Larrañagak.

Zapi txikiak

Herriko Plazan egingo den ekitaldi berean, iazko jaietatik gaurdaino jaio diren umetxoei jaietako zapia ipiniko diete. Azken urtean hamalau haur jaio dira Antzuolan, aurreko tartean baino bat gehiago. Guztiek jaso dute ekitaldian parte hartzeko gonbidapena, eta zapi bana izango dute zain. "Aurtengo zapiak bereziak dira, gainera. Orain arte denontzat zegoen lepokoa jartzen genien, eta, jakina, oso handia geratzen zitzaien. Aurten zapi txikiak egin ditugu, jaioberriak erosoago egon daitezen", esan du Larrañagak.

Hain zuzen ere, Antzuolako alkate Olatz Lezetak eta zinegotziek banatuko dituzte zapiak. Udaletxe aurrean batuko dira guztiak, eta ekitaldia bera 19:45ean hasiko da.

Alboradak taldea, jasotzean

Omenaldien ostean hasiko da jaiei hasiera ofiziala emango dien ekitaldia: ikurrin dantza, Oinari dantza taldearekin. Ostean, Antzuolako bandera eta ikurrina jasoko dituzte. Aurten, Alboradak txistulari taldeak jasoko du udaletxeko balkoian ikurrina, urteetan zehar kulturaren eta herriaren alde egin duen eta egiten ari den lanaren esker on bezala. "Taldearendako aitortza bat da, duda barik. Urtean zehar herrian egiten dugun lanari eskertza. Urtero egoten gara jaien hasierako dantza ekitaldian, dantzari txikienekin. Baina aurtengoa are bereziagoa izango da guretzat. Guztiak ezingo gara balkoira igo, baina ederra izango da", esan dio GOIENAri Alboradak taldeko kide Nora Legorburuk.

Lehen eguneko emanaldiaz harago, Alboradak taldekoek ez dute atsedenik izango jaietan. Eguenean kalejira egingo dute, buruhandiekin, eta jaietako zapatu eta domeka goizetan, 10:00etan, dianarekin esnatuko dituzte herritarrak. Antzuolako Alardean ere parte hartuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak