Datorren egubakoitzean, uztailak 18, herritarrei eskainitako jardueren artean, kuadrillen arteko ginkana egingo dute antzuolatarrek. Urteroko zita dute ekitaldi hori, eta badira urteak antolatzen dutela, Jone Larrañaga Kultura teknikariaren berbetan: "Ez dakit zehazki esaten, baina hogei urte inguru badira ginkana egiten dela".
Hainbeste urteren ostean, asko eta askok kuadrillen eguntzat hartzen du egun hau, eta hala deitzen diote, egunak izen hori ez badu ere. "Kuadrillen eguna berez ez da horrela deitzen, ez dauka izen hori, baina, egia esanda, joera hori hartu du kuadrilla pila bat elkartzen direlako egunean, baita bazkarian ere", aitortu du Larrañagak.
Ipar Euskal Herriko Gaia enpresak prestatuko ditu ginkana eta bertan egingo diren probak, eta arratsaldeko seietan Zurrategi plazan elkartuko dira izena emandako taldeak, elkarren artean lehiatu eta trebeenak nortzuk diren erabakitzeko.
Larrañagak argi utzi du ginkanaren helburua herriko gazteek parte hartzea eta giro herrikoian ondo pasatzea dela: "Gazteak antolatu egiten dira, eurek parte hartzen dute, ondo pasatzen dute eta barre pila bat egiten dute, jai giroan... Euren arteko lehia bat izaten da".
Herri kirolak, jokoaren oinarri
Parte hartuko duten taldeak lau, bost edo sei lagunez osatuak egongo dira, eta partaideek DBH-1etik gorakoak izan behar dute. Gainditu beharko dituzten probak honako hauek izango dira: lasto-altxatzea, toka, egur-pilota, arto-biltzea, esne-ontzien eta zakuen lasterketa, sega eta, bukatzeko, sokatira, parte hartzaile guztiek batera. Talde irabazleak 120 euroko saria eskuratuko du.
Aurretik, herri bazkaria
Gazteak kuadrillen ginkanan lehiatu aurretik, antzuolarrek herri bazkaria egingo dute, Kalebarrenen, 14:30ean. Dagoeneko 280 gora herritarrek emana dute izena, eta, denetara, 300 lagunetik gora izatea espero dute. Txartelak domeka honetara arte, uztailak 13, egongo dira eskuragai, entradium.com plataforman.
Bazkaria Euskal Parrillak eskainiko du eta denentzako aukera izango da. Helduentzako menuan entsalada mistoa, baserriko oilaskoa eta txerri-saiheskia parrillan, Eceizako pasteltxoak, ogia, kafea eta edaria izango dira; eta beganoentzako, barazki-menestra, lasagna beganoa, fruta, ogia, kafea eta edaria. Txartelak 22 eurotan daude, baina ikasleek eta gazteek 18 eurotan eskuratu ditzakete. 2-14 urte bitartekoentzako 12 eurotan dira eta menuan urdaiazpiko kroketak, zero kilometroko hanburgesak parrillan patatekin, izozkia, ogia eta edaria izango dituzte.