Uztailaren 17tik 20ra ospatuko dituzte Antzuolako jaiak, baina festarako motorrak berotzen hasiko dira asteburuan herritarrak, hainbat ekintza baitaude. Olalde pilota elkarteak antolatuta, esate baterako, pilota jaialdia izango da bihar, udal pilotalekuan, 18:00etan hasita: Olatz Insaustik eta Irati Betegik osatutako bikoteak aurrez aurre izango ditu Intza Arruti eta Leire Galeano; gizonezkoetan, berriz, Ander Etxanizek eta Gontzal Azkarragak Aitor Mendizabal eta Manex Balerdi izango dituzte aurkari.
Zortzi pilotarietatik lau antzuolarrak dira –Insausti, Galeano, Mendizabal eta Balerdi–, eta horren garrantziaz jardun du Pedro Iturbek, Olaldeko kideak: "Jaialdia antolatzerakoan momentuko errealitatera egokitzen saiatzen gara. Helburu dugu Olaldeko pilotariei tarte bat ematea, eta, aldi berean, ikusgarriak izan daitezkeen partiduak diseinatzea". Haren hitzetan, gainera, pilota eskolarentzat "oso garrantzitsua" da maila horretako pilotariak izatea: "Egunero-egunero egiten den lanaren ondorio da. Pilota eskolako beste pilotari guztientzat ere erreferente dira, eta lagun. Adin askotariko pilotarien arteko harremana sortzeak balio izugarria du guztiontzat".
Landatxopek, bazkaria
Landatxope jubilatu eta pentsiodunen elkarteak, ohi den eran, bazkaria egingo du, etzi, hilaren 13an, eskolako patioan, 14:15ean. Ehun lagun inguru elkartuko dira, eta "garrantzi handiko" eguna izaten da eurendako, Joxe Anjel Arbuluren, Landatxopeko kidearen, hitzetan: "Egiten ditugu beste ekintza batzuk urtean zehar, baina jendetsuena izan ohi da jaien bezperan egiten dugun bazkaria; asko, gainera, egun horretan bakarrik elkartzen gara. Elkar ezagutzeko aukera ere ematen du".
Bazkalostean, dantzaldia izango dute, eta zapia emango diete bazkarian dauden bi pertsona helduenei: "Emakume eta gizonezko banari; baina sorpresa izango da. Saiatzen gara urtero pertsona berberak ez izaten".
Kontzertuak Zurrategin
Udalaren eskutik, iazko jaien bezperan antolatu bezala, kontzertuak izango dira domekan, hilaren 13an, Zurrategiko kioskoan, 19:00etan hasita. Oholtza gainean izango dira John Dealer And The Coconuts, Legazpiko rock-and-roll taldea, eta Bidelapurrak, 2014an osatutako taldea, folk-rock doinuak oinarri dituena; hain zuzen ere, iazko azaroan kaleratu zuten Inorenak ez diren lurretan diskoa.
Izen-emateak eta entseguak
Uztailaren 18an egingo da herri bazkaria, eta Udalak jakinarazi du hilaren 13ra arte daudela salgai txartelak, Entradium plataforman: menu beganoa eta haragijalea daude aukeran, eta 22 euroko prezioa du; ikasle eta gazteenak, 18koa; eta haurrenak, menu berezi batekin, 12koa. Bestetik, Ez Dot Moztuko Bizarra taldeak uztailaren 20an egingo du bazkaria, eta Aitz Garbin eskura daitezke txartelak, hilaren 16a baino lehenago: 20 euroko prezioa du txartel arruntak, eta haurrenak, 10ekoa.
Jaietako ekintza zehatz batzuetarako entseguak ere martxan dira. Antzuolako Alardekoak, esaterako, joan den astean hasi ziren, eta honako hauek dira datozenak: hilaren 16an, danbor-joleen entsegua, 18:00etan, Torresoroan; ondoren, orokorra, 19:00etan, Herriko Plazan. Larrain dantzako entsegua, berriz, hilaren 15ean izango da, 19:30ean, eskolako patioan.