Bigarren aldia duzu lasterketa honetan; prest al zaude?
Iaz korritu nuen lehen aldiz, eta ideia bat egina dut nola joan daitekeen, lasterketa bakoitza mundu bat den arren. Hala ere, gogotsu nago: egun polita izan zen iazkoa, eta espero dut horrelakoa izatea aurtengoa ere.
Zertan jarriko duzu arreta?
Iaz asko erabaki zen lasterketa Deskargako lehen igoeran; horrenbestez, hasiera horretako mugimenduei adi egoten saiatuko naiz.
Zein da zure indargunea?
Lehendabizi, errepideak oso ondo ezagutzen ditudala, eta baita lasterketa ere; horrek beti laguntzen du. Horrez gain, herriko lasterketek motibazio puntu bat gehiago ematen dute, gertuko jendea ikusten egoten delako.
Eta ahulgunea?
Denboraldian zehar ez naiz gai izan aldapa oso gogor jartzen denean onenari jarraitzeko, eta hori izan daiteke ahulgunea. Tira, ea oraingoan lortzen dudan.
Ba al daukazu helburu jakinik?
Talde moduan ondo gabiltza disputatzen aurten lasterketak; horrenbestez, ea taldekoren batek irabazteko aukera duen.
Bigarren urtea duzu, hain zuzen ere, 23 urtez azpikoen kategorian; zer moduz doakizu?
Eibar taldearekin egin nuen afizionatuetako lehen urtea, eta Finisher-era pasatu naiz aurten: oso gustura nabil, batik bat, aldaketa egon delako korritzeko moduan, eta eduki dudan egutegia ere gustuko dut, etxetik urrun gehiago korritu dudalako. Osterantzean, denboraldiaren balorazio ona egiten dut, oraingoz: askotan taldeari laguntzen aritzen naiz, lasterketetan aurreko urtean baino askoz ere gehiago gastatzen. Korritzeko beste modu bat ikasten nabil, eta nahiz eta ez ditudan hainbeste emaitza on atera, gustura nago ematen nabilen mailarekin.
Espainiako Txapelketan izan berri zara, Granadan; 32. postuan amaitu duzu...
Duela bi asteburu izan nintzen. Batetik, oso pozik nago, Iago Agirrek, Euskadiko selekzioko partaideak, eraman zuelako garaipena, eta asko pozten naiz berarengatik; bestetik, oso sentsazio onak izan nituen pertsonalki. Postuaz harago, horrenbestez, eduki nituen sentsazioekin gelditzen naiz.
Denboraldiari dagokionez, zer espero duzu?
Udan aurrerapauso bat emateko gai izatea, eta lasterketa batzuk disputatzeko eta emaitza batzuk lortzeko gai izatea, betiere, tokatzen denean, taldeari lagunduz. Helburu hori dut: uda on bat egitea denboraldia ondo bukatzeko.
Bizikleta gainean ikusiko al zaitugu datorren urtean ere?
Nire helburua aurrera egiten jarraitzea da, ikasten eta aurrerapausoak ematen, eta poliki-poliki txirrindulari moduan hobetzen. Taldean ondo egokitu naizela uste dut, eta oso gustura nago nagoen lekuan.