Berrikuntza nagusi bat izango du hilaren 19an 19:00etan egingo den Antzuolako Alardeak: martxa berria estreinatuko du. Ion Gurutz Biteri musikari antzuolarrak sortu du, eta hainbat momentutan joko dutela azaldu du Antzuolako Alardearen Elkarteko presidente Xabier Legorburuk: "Martxa berria joko da, alde batetik, Alardearen kalejiran; bai Herriko Plazatik Antigua aldera doanean, eta, gero, baita ere, Kalebarren-Eguzki auzora joatean. Bestetik, bukaeran, Alardea Herriko Plazatik irteterakoan ere jotzen da".
Martxa berriaren ezaugarriak
Hainbat irizpide hartu dituzte kontuan martxa berria sortzeko orduan. Hauek, besteak beste: Marcha Real Fusilera-rekin, orain arte jo izan den martxarekin, antzekotasunik ez izatea; jatorrizko abestiak –alegia, Marcha Real Fusilera– zituen berezitasun batzuk mantentzea, "interesanteak" direla iritzita –adibidez, danborren erritmoa–; kantua hutsetik ez hastea, eta, horrenbestez, abesti bat hautatu eta moldaketa bat egitea, Jose Ignacio Ansorena konpositoreak Antzuolako herriari eskainitako obraren biribilketa bat. Irizpide horiez gain, eta, Ansorenaren lanaz gain, beste abesti bat ere aintzat hartu da, Gora euskara doinua; horrek presentzia du Alardean, Joxe Mari Iparragirrek antzuolarrentzat idatzitako bertsoak abestean jotzen baita. Are gehiago, Alfredo Gonzalez Chirlaquek, Bergarako Udal Bandako zuzendari ohiak, bandarako egin zuen Antzuolako doinuak konposizioan ere jotzen da, beste erritmo bat duen arren. Martxak kutsu edo erritmo militarra izatea ere izan da irizpideetako bat, eta, txistua ardatz izanda, haize-instrumentu metalikoak ere gehitu dizkiote: tuba bat eta bi tronpeta, zehazki.
Ia 200 lagun
Alardearen bueltan 180-190 pertsona inguru dabiltza gaur egun: "Zapatuan kalera irtengo dira hainbat talde: fusilariak, danbor-joleak, abesbatza, txistulariak, dantzariak, mairuaren laguntzaileak, gastadoreak... Haiez gain, baina, atzeko lanetan ere ibiltzen dira herritarrak; esaterako, arropak prestatzen. Eta haien guztien artean urtero-urtero 180-190 pertsona inguru ibiltzen gara, nahiz eta ikusten direnak gutxiago izaten diren", esan du Legorburuk. Aurten ere, mairuaren papera egiten irtengo da Zishan Tariq herritarra.
"Egokitzeko gaitasuna"
Legorburuk gaineratu du elkarte bezala beti presente izan dutela Alardeak "iraunarazteko", egokitzen joan behar dutela gizarteko "egoera berrietara. Horregatik, 2009an egin zen aldaketa sakonena. Oraingo martxaren aldaketa izan da talde baten eskaera, eta gaia mahai-gainean jarri zen. Hausnarketa prozesu bat egin zen, martxa aldatzeko premiei buruzkoa, eta erabaki zen, Alardearen hobe-beharrez, komeni zela aldatzea martxa; eta, horregatik, aldatu egin da". Aurten, ohi baino entsegu gehiago egiten dabiltza, musikariek martxa berria barnera dezaten.
Bergarako Udal Banda
Zapatuko beste osagaietako bat Bergarako Udal Bandaren kontzertua izaten da; 11:30ean, kalejira egingo dute, eta 12:30ean izango da emanaldia, Zurrategin. Enrike Txurrukak gidatuta, aurten, 15 urteko bi antzuolar estreinatuko dira herrian, saxofonista: Beñat Legorburu eta Ekain Irizar.
Pozik daude biak. Hauxe adierazi du Legorburuk: "7 urterekin hasi nintzen Bergarako musika eskolan saxofoia jotzen, eta, hiru urtez Bergarako Gazte Bandan ibili ostean, ekain amaieran eman nuen lehen kontzertua Bergaran, hango bandarekin. Familiakoak egon ziren; amona oso pozik zegoen eta etxekoek zoriondu egin ninduten. Handien bandan jotzea polita izan zen, baina herrian bertan, Antzuolan, jotzea berezia izango da; guztiek ezagutuko gaituzte, eta urduritasuna eta jotzeko gogoa desberdinak dira".
Irizarrek, berriz, hau esan du: "Beñat Legorburuk eta biok elkarrekin egin dugu musikaren bidea. Bergarako kontzertuan sentsazio onekin gelditu nintzen, baina herrian jotzeak beste xarma bat dauka eta poztasuna ematen du. Urduri samar egotea normala da, baina konfiantzaz eta gustura nago Antzuolako kontzertura begira. Familiakoendako ere polita da; handien bandan abestiak zailagoak dira, politagoak, trajea jantzita joaten gara... Eta ingurukoek esan didate etorriko direla entzutera".
Joselu Anaiak, Herriko Plazan
Gauean, 22:30ean hasita, erromeria izango da, Joselu Anaiak taldearen eskutik. Urte asko daramatzate egun horretan Antzuolan jotzen, eta gogoz itzuliko direla esan dute. "Ikaragarrizko giroa egoten da. Jende asko animatzen da eta denetarik dantzatzen dute: euskal dantzak, rantxerak, balsak eta rocka. Gogotsu joaten gara edozein lekutara, eta sortzen den giroa eskertu egiten da", adierazi dute.