11 baserritarrek jaitsi dituzte aurten euren abereak Herriko Plazara, eta behiak, behorrak, ardiak, ahuntzak, ahariak eta astoak ikusteko aukera izan dute herritarrek. Xabier Gastañaga antzuolarrak, esate baterako, Galartza baserrikoak, ardiak eraman ditu, lehen aldiz: "Batetik, salmenta-postua jarri dugu, eta, bestetik, ardi batzuk ekarri ditugu: xalda ardiak, asturiarrak, eta beste batzuk, muturbeltzak".
Txorizoak, hestebeteak, izan dituzte salgai gastañagatarrek euren salmenta-postuan. Horrez gain, azokan izan dira Antzuolako beste ekoizle batzuk ere; esate baterako, gazta saltzen aritu dira Pikunieta baserrikoak eta Txomin Etxezarreta, eta baita Jamattitt Duhalde aihertarra ere. Are gehiago, euren ekoizpena izan ez arren, han izan dira Anelkar elkartasun taldekoak ere, bidezko merkataritzako produktuekin. "Arrasateko Eroskin dago Harreman Denda azkenengo 25 urteotan, eta gure lana da horko produktuak-eta herrietan zabaltzea; bada, Antzuolan, Anelkarren bitartez, hogei urte inguru daramatzagu zeregin horretan, jendeari modu duinean lortutako produktuak erosteko aukera ematen".
Janariaz gain, izan dira bestelako produktuak ere salgai azokan, hala nola kosmetika naturala, margolanak eta eskuz jositako arropak. Bere lanaz jardun du, adibidez, Elvira Quintana antzuolarrak: "Nire produktuak eskuz jositakoak dira, etxean eginak, hala nola osagarriak, poltsak eta umeendako gauzak; azken finean, otu ahala egiten ditudanak".
Gaztak eta sagardoa
Udalaren eskutik, berriz, herritarrek Bizkalatza, Pikunieta, Anbu eta Egurrabei baserrietako gaztak ez ezik, Amatxok eta Txomin Etxezarretak eginikoak dastatzeko aukera izan dute, eta baita Ipar Euskal Herriko beste hiru ere. Are gehiago, aldi berean, Aranguren eta Bizkalatza baserrietako sagardoa ere dastatu dute.