Edonork, edonorekin eta edonoiz euskaraz jarduteko egitasmoa da Gipuzkoa Arigune, eta hor murgilduta dago Antzuola. "Finean, herria arigune bilakatzea da egitasmoaren helburua, eta, hala, edozein euskaldunek, Antzuolan edonon egon daitekeela ere, euskaraz lasai aritzeko aukera izatea, estres linguistikorik gabeko leku bat eraikitzea. Hori da egitasmoaren ortzi-muga Gipuzkoan, baita Antzuolan ere", azaldu du Xuban Zubiriak, Taupako kide eta Gipuzkoa Arigune egitasmoko Antzuolako koordinatzaileak.
Hori erdiesteko, lehendabizi, herri mailako aurkezpena egin zuten, eta herritar talde batek proiektua martxan jartzeko eta lanean hasteko interesa agertu zuen; hala, antolakuntza-foroa osatu zuten. Horietako hiru dira Lierni Legorburu, Miren Zubikarai eta Jabi Etxaniz, eta egitasmo horren garrantziaz jardun dute: "Proposamena iritsi zitzaigunean, euskara batzordean genbiltzan lanean: ideia batzuk bagenituen, zer egin nahi genuen eta nora heldu nahi genuen, baina ez genekien nola. Egitasmoaren etorrera arnasa hartzea bezalakoa izan zen. Baliabideak eta erraztasuna eman zizkiguten, eta bidea malgutu digute jendeari nahi dugun mezua helarazteko".
2023ko irailean jarri zuten martxan batzordea, Udalaren ekimenez, euskararen erabileraren datuez kezkatuta. Izan ere, Soziolinguistika Klusterrak emandako datuen arabera, euskararen ezagutzan aldaketa handirik ez egon arren –herritarren %75 dira euskaldunak– hogei urteko epean, euskararen kale-erabilerak bederatzi puntuko jaitsiera izan du: %69,4tik %60,5era. "Ezagutza hor dago, ez aurrera ez atzera, baina gure kezka erabileran dago. Euskara ez dakitenengandik ez ezik, jakin eta egiten ez dutenengandik hasi beharra dago", azpimarratu dute batzordekideek.
Eginiko urratsak
Batzordearen lehen urratsa azterketa komunitarioa egitea izan da, herriko egoeraren inguruko mapa, aurrerapausoak non eta nola eman jakiteko. "Euskararen egoeraren inguruko erradiografia egin dugu, eta, aldi berean, baita komunitatearena ere, euskara komunitatea indartuz garatzea baitugu xede", azaldu du Zubiriak. Ekintza-plan bat ere zehaztu dute, herriko gune antolatuetan martxan jartzeko: "Filosofia da antolatuta dauden herritarren artean hastea ekimenak martxan jartzen, emaitzak lortzea errazagoa dela iritzita, eta espazio horiek arigune bilakatu ahal izatea, herri mailako eskaintza ezberdinak egiteko gerora, herritar xehe guztiei zuzendutakoak, hala nola ahalduntze tailerrak eta erdaldunak euskara ulertzera iristeko saioak".
Landatxope elkartea, Antzuola Herri Eskola eta AKE dira esku hartzen dabiltzan lehen hiru gune antolatuak, eta, hein batean, zubi-lana egitea da batzordekideen lana, Gipuzkoa Arigune egitasmoaren eta herriaren artean. "Egoera zein den identifikatu behar da, taldeka, ea nork ulertzen duen euskara eta nork ez, ea nork behar duen ulermen-saioetarako beharra eta nork ez...", adierazi dute, lan hori "ongi" egitea komeni dela nabarmenduta: "Hala, jendea animatzea da lortu nahi duguna, erremintak emanda eurak motibatzeko bide bat izatea".
Erronkari eusten
Zubiriaren hitzetan, Antzuola, herria bera, arigune bilakatzea da egitasmoaren azkenengo helburua, eta horretan dihardute: "Badakigu ez dela erronka erraza, baina hori jartzen dugu helburutzat, ahalik eta pauso gehien emanda horretarako". Taldekideek ere helburu hori dute buruan: "Aukera kontziente bat da, gainera: norberak egin dezala euskaraz, eta gero ikusiko da ea horrela aurrera egitea posible den edo ez. Ez bada %100ean lortzen, balio dezala, behintzat, ilusioa mantentzeko. Izan dadila lanerako motorra berotzeko bide".