Fisioterapeutak dira Mariñe Etxaniz Cuesta (Antzuola, 1996) eta Olatz Abasolo Iturbe (Antzuola, 1997), eta Gure gorputza ezagutzen: zoru pelbikoa eta diafragma tailerra egingo dute bihar. Izena eman dutenei –itxita dago, plazak mugatuak baitziren– esterilla eta arropa erosoa eramateko eskatu diete.
Zer behar identifikatu duzue tailer hori egiteko?
Mariñe Etxaniz: Batik bat zoru pelbikoa lantzen duen zentro batean dihardut lanean, eta ohartu naiz jendeak ez duela horren berri; agian, asko hitz egiten dela haurdunaldiaren bueltan, baina hortik kanpo ez dagoela. Kontzientzia hartu beharko genuke: denok dugu, eta landu beharreko gorputzeko atal garrantzitsu bat da.
Olatz Abasolo: Gizartean, oro har, ez dugu ezagutzen, justu-justuan kokatzen dugu. Erreminta sinple batzuk planteatuko ditugu horretan laguntzeko.
Zer jakin behar da zoru pelbikoaren inguruan?
M.E.: Zona genitalean kokatzen den gihar multzo bat da, eta emakumeen artean tabu izaten jarraitzen du. Funtzio inportante batzuk ditu: esaterako, gernu inkontinentzietan-eta garrantzi handia du; horrez gain, prolapsoak gerta daitezke, bertan biltzen diren organoen jaitsiera bat gertatu delako, eta horrek mina eta ezinegona eragin lezake; sexu-harremanetan ere badu eragina, mina eragin lezakeelako zoru pelbikoko ahulezia batek. Egunerokotasunean eragina du zoru pelbikoak.
O.A.: Gainera, disfuntzioren bat izanez gero, beldur handia ematen digu, ezjakintasun horrek sustoa handia ematen duelako. Zuntz-haustura bat gertatuz gero fisioterapeutarengana jo behar dugula badakigu, baina, askotan, zoru pelbikoko arazo baten aurrean ez dakigu zer ari den gertatzen, nahiz eta kasuak ez izan horren ezohikoak.
M.E.: Funtsean, kontzientzia hartzea da, jakitea badagoela bidea hori begiratzeko, tratatzeko edo informazioa eskuratzeko.
Batez ere, emakumeengan?
M.E.: Bai. Gizonek ere badute zoru pelbikoa, eta inportantzia du gernu-inkontinentzietan, batik bat, baina disfuntzio aldetik emakumeengan arazo gehiago gerta daitezke, dugun anatomia kontuan hartuta.
Nola landu daiteke?
O.A.: Gidaritzapean egitea garrantzitsua da, arazoren bat izanez gero profesionalekin identifikatzeko eta horretarako bidea indibidualizatua izateko. Halere, tailerrean gehiago zentratuko gara kontzientziazio kolektiboan: denok dugu, denoi funtzionatzen digu modu batera edo bestera. Normalitate hori kokatu nahi dugu gerta daitezkeen disfuntzioak bideratzeko.
M.E.: Jarraibide batzuk emango ditugu disfuntziorik edo alteraziorik ez duen jendeak landu ahal izateko.
Zeintzuk dira jarraibide horiek?
M.E.: Lehenbizi, jakitea zoru pelbikoa non dagoen eta nola uzkurtzen den, eta gero, arnasketarekin lantzea; horregatik landuko dugu diafragma, eragin handia duelako. Arnasketa eta uzkurtzea mugimenduan integratuko ditugu, egunerokotasunean aktibazioa lortzeko.
Bada lotura diafragmaren eta zoru pelbikoaren artean, beraz.
O.A.: Zoru pelbikoa ezin daiteke ulertu diafragmarik gabe, lan asko egiten baitute batera. Funtzio baten barruan integratuz gero, batera doaz.