Urtebete baino gehiagoz ari da Meaka-Irimo plataforma, bi mendi horien artean jarri nahi duten zentral eolikoen bueltan ekintza ugari antolatzen. Ibilbide horretan, ikaskuntza handitzeko asmoz antolatu dute Fernando Valladaresen hitzaldia. Hala adierazi zuen Meaka-Irimo Herri Plataformako kide Josebe Blancok: "Ibilbide honetan konturatu gara ez dela eolikoak bai ala ez. Horren bueltan zertzelada asko daudela, eta gure buruari galdetu behar diogu Munduan nola nahi dugun egon, eta, hautatzen dugun modu hori posible den edo ez pertsona guztientzat eta planetarentzat".
Debatea sortzeko helburuarekin
Giza-jarduerak biodibertsitatean eta klima aldaketan duen eragina izan zuen aztergai, batez ere, Valladaresek eta, besteak beste, hortaz jardun du jendaurrean. Bere esanetan, herri edo autonomia txiki baten gertatzen denak antzekotasun handiak ditu eredu handiagoekin, eta beraz, Antzuolako eredura gerturatzeko asmoz, eszenatoki globalagoa irudikatu zuen.
Fernando Valladaresen esanetan zalantzan jarri behar da eredua: "Nire asmoa ikertzaile bezala datu batzuk ematea da, baina, garai hauetan gertatzen ari denarekin kezkatuta, debate ireki bat proposatzera nator. Ez da hitzaldi itxi bat, ezta ideia finko batzuk ere ekartzen ditudanak. Adibide gisa energia eta ura izango ditut; energia gai unibertsala da eta arazoak dakarrena, eta berbagai izango dut ziurtzat jo dugun eredua. Zalantzan jarriko dugu. Hau da, ziurtzat jo dugu ekonomiak dena bultzatu behar duela, eta gaixotasunekin, arazo mentalekin eta pertsona askoren bizitzan jasanezintasun batekin aurkitzen gara, guzti honek zalantzan jarri behar gaitu".
Sistema ekonomikoa berbagai
Valladaresen jakinduria tekniko-zientifikoaz gain, ekarpen humanoa ere eskaini zuen saioan eta, bertan zenbait galdera filosofiko eta antropologiko jarri zituen mahai gainean. "Gaur planteatu dudan oinarrizko galdera da: Zenbat energia behar dugu? da. Bata pertsonek behar duten energia da, eta bestea, sistema ekonomikoak behar duen energia; oso sistema ezberdinak direnak. Sistema ekonomikoak ez du sekula energia nahikoa izango".
Torresoroan eskainitako saioaz gain, gaur, martitzen goiza, herri eskolako ikasleei biodibertsitatearen eta klima aldaketaren gaineko saioak ere eskaintzen izan da.