Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mugimenduak abiatu dute Gipuzkoa arigune egitasmoa, Soziolinguistika Klusterrarekin eta Badalab-ekin batera. Ekimenaren helburua da euskararen ulermena orokortzea eta hiztunak euskaraz aritzearen aldeko kultura eta adostasun soziala nagusitzea. Lehen esperimentazio aldian hartuko du parte Antzuolak, Añorgarekin eta Aiarekin batera.
Antzuolako alkate Olatz Lezetak azaldu du iazko apirilean jaso zutela proiektuan parte hartzeko proposamena: "Aukera pozik hartu genuen. Garbi ikusten genuen beharra zegoela euskararekin zerbait egiteko. Udalan sartu ginenean garbi geneukan euskarari eman nahi geniola indarra, eta Euskara batzordea sortu genuen. Batzordea martxan ezin jarrita genbiltzan, eta Gipuzkoa arigune etorri zen. Ea horrekin noraino iristen garen, baina hasiera ona dauka". Gaineratu du proiektu horretan sartuta batzordeko taldea handitu egin dela eta, talde motorraz gain, ekintza espezifikoetarako taldea ere badutela; denera, hogei lagun inguru dira.
PROBAK BIZPAHIRU URTE IRAUNGO DU, BAINA ANTZUOLAKO UDALAREN ASMOA DA JARRAIPENA EMATEA
Jabi Etxaniz antzuolarrak euskara taldeetan parte hartu du, eta dio halako proiektuetan parte hartzea aprobetxatu egin behar dela, "beti izango dela lagungarria". Antzuolan azterketa bat egin dutela adierazi du, euskararen bueltako ohiturak eta jarrerak zein arlotan aldatu diren identifikatzeko: "Akatsak non egiten ditugun ikusteko balio du. Adibidez, ostalaritza da adibide garbia. Duela 20 urteko ohiturek ez dute balio nahi badugu euskara mantendu eta erabilera igo. Saiatu gaitezen tresna erakargarriagoak ematen euskara ikasteko".
Komunitatearen garrantzia
Jasone Mendizabalek, Taupako koordinatzaile orokor eta Soziolinguistika Klusterreko lehendakari arrasatearrak, egitasmo horretan ikuspegi komunitarioak duen garrantzia nabarmendu du: "Euskararen garapena eta komunitatearena elkarren eskutik gabiltza sustatzen; izan ere, hizkuntza tresna boteretsua da gizartea kohesionatzeko eta eraldaketa soziala bultzatzeko". Hori dela eta, azaldu du egitasmoa bera ere komunitatetik abiatzen dela, esate baterako, udalerriko erronkei eta aukerei erreparatzen zaielako komunitatearekin batera, euskararen ezagutzari eta erabilerari dagokionez. "Abiapuntuan oinarrizko proposamen bat ere badago tokian toki eraldaketa bultzatzeko; non eta nola eragin behar den aztertu eta adosten da".
Metodologian ere jarri dute arreta sustatzaileek, eta Imanol Larreak, Soziolingustika Klusterreko zuzendari antzuolarrak, erantsi du Aldahitz ikerketa "oinarri garrantzitsua" izango dela. "Hipotesitzat hartzen du ez dela ezinbestekoa euskaraz ongi hitz egiten jakitea hitz egiten hasteko, ulertzea nahikoa izan daitekeela besteak guri euskaraz egiten has daitezen; betiere, horretarako testuingurua sortzen badugu". Bada, hiru metodologiarekin dihardute: Uler-saioak, ulermena erdiesteko; Ulerrizketa, euskaraz ulertzeko tarteko maila dutenen eta maila ona dutenen arteko elkarrizketak sustatzeko; eta Eusle, euskara erabiltzeko konpromisoa hartzeko.
Geratzeko etorri den proba
Olatz Lezetak zehaztu du helburua dela "denok denokin" euskaraz berba egiteko aukera izatea, eta gaztelaniaz berba egiten duena ulertzeko gai izatea. Esperimentazioak bizpahiru urteko epea izango du, baina "era naturalean" jarraipena emateko asmoa daukate.
Aholkularitza emateko, Taupako bi ordezkarik dinamizatzen dituzte Antzuolan egiten dituzten bilerak. "Guk herriko informazioa ematen diegu, eta haiek bideratzen dute", dio alkateak. Dena den, herrian jarri du azpimarra, bidea eurek egin behar dutela iritzita: "Benetan sinesten eta kontzientzia sortzen bada euskararen beharra dagoela, horrek indartu egingo gaitu. Bestela, ez dago zereginik".