3.704.852 euroko udal aurrekontua onartu dute Antzuolan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urt. 31a, 13:58

564.000 euro zehaztu dituzte inbertsioetarako, eta horien artean daude, besteak beste, frontoi txikiko estalkia jartzea, futbol zelaiko belarra aldatzea, udaletxeko teilatua konpontzea eta Basaldera arteko bidegorria egitea. EAJk ezezkoa eman die aurrekontuei, gai sozial gehiago jaso beharko liratekeelakoan partidetan.

3.704.852 euroko udal aurrekontua onartu berri dute Antzuolan 2025erako, EH Bilduren aldeko botoekin, atzo, urtarrilaren 30ean, eginiko osoko bilkuran: iazkoa baino 114.879,2 euro handiagoa da, %3,2ko igoerarekin, eta Gipuzkoako Foru Funtsetatik lortutakoa da kopuruaren erdia: hain zuzen ere, 1.858.011,93 euro, aurrekontu osoaren %50,15.

Olatz Lezetak, Antzuolako alkateak, onartu dituzten aurrekontuak "onak" direla dio, eta garrantzia eman diotela batik bat ingurumenari, kulturari eta euskarari. Inbertsioei dagokionez, 564.000 euro zehaztu dituzte, eta handienen artean daude frontoi txikiko estalkia jartzea (110.000 euro), futbol zelaiko belarra aldatzea (70.000 euro), Altzeta eta Loixeta baserrietara ura eramatea (50.000 euro) eta hilerrian hobekuntzak egitea (35.000 euro). "Futbol zelaiko belarra zeharo erreta dago, eta aldatzeko asmoa dago; frontoi txikiko estalkiarekin ere aspaldian gabiltza, baina bideratua dugu eta aurten egingo da. Horrez gain, Hil Arte Bizi prozesutik ideiak hartuta, eta dolu perinatalaren bueltan diharduten gurasoekin lanketa eginda, horiei gune bat eskaintzeko asmoa dugu hilerrian; azkenik, ur faseari dagokionez, aurten Altzeta eta Loixetara ura eramanda, baserri guztietan izango da".

Ezkerretik eskuinera: pilotalekua, futbol zelaia, Iraineko biltegia eta hilerria. Irudiak: A.R.K.

Horrez gain, udaletxeko teilatua konpontzea dute asmo, hondatuta dagoelako, 70.000 euroko diru partida zehaztuta, eta udal biltegitzat erabiliko duten eraikin bat erosiko dute Irainen, 60.000 euroren truke. Brigadarako makineriarako 50.000 euro bideratuko dituzte, Errekaldetik Basaldera arteko bidegorria gauzatzera 35.000 euro, eta kaleko bideen seinalizaziorako eta landaketen zein lurren erosketarako 30.000na. Azkenik, arreta jarri dute auzo konpostaren proiektuan, baserrien identifikazioan, futbol zelaiko estudio geoteknikoan eta gimnasiorako materiala erostean.

EAJren ezezkoa

EAJko ordezkariek, "erantzukizunez", ez dute Udal Gobernuak proposatutako aurrekontuen alde egin: "Ez diete erantzuten ez herriaren ez antzuolarren beharrei; akats teknikoz beteta egoteaz gainera, errealitatearekin zer ikusi gutxi duten zenbakiz osatuta daude".

Haien hitzetan, proposamen batzuk luzatu zizkioten Udal Gobernuari, "gobernuek herritarren ongizatea hobetzea izan behar dutela helburu" iritzita: "Funtsezkotzat jotzen ditugunen artean daude autonomoei laguntzeko plan bat garatzea, herriko komertzioa suspertzeko estrategia bat egitea eta, guretako bereziki inportantea, gazteei etxebizitzara sarbidea izatea erraztea". Halere, salatu dute Udal Gobernuak ez duela bat ere onartu, eta emandako erantzuna, gainera, "hankamotz" gelditu dela: "Gai interesgarriak izanik ere, oso konponbide zaila duten gaiak direla azaldu dute, eta beraiek Udal Gobernu berria izanik ez dutela esperientziarik lan horiek egiteko". Jeltzaleek, ordea, ez dute EH Bilduren erantzuna onartzen: "16 urte daramatzate Udal Gobernua zuzentzen. Denbora nahikoa izan dute bultzatu nahi dituzten udal politikak egiteko oinarriak ezartzeko; esperientzia eza ezin dugu inondik inora aitzakiatzat onartu". Haien arabera, herritarrek ez dituzte hautatzen "gai errazak soilik" konpontzeko: "Ez dago epe erdi-luzera begirako planik. Une oro inprobisatzen ari direla dirudi. Antzuolak gai konplikatuen aurrean pausu bat emango duen gobernu bat merezi du".

Lezetak, EH Bilduren izenean, erantzun du "kontziente" direla etxebizitzaren arazoaz, eta gaia lantzen ere hasiak direla, diru-partidarik zehaztu ez duten arren aurrekontuetan: "Orain dela urte batzuk egin ziren etxebizitza sozialak; gerora, beste batzuk egin ziren, eta azkenengo bospasei urtetatik ikusten da etxebizitzaren arazoa hor dagoela. Hasi ginen lantzen, baina ez dugu horren garbi ikusten: Antzuolak ez du herri lurrik eraikitzeko".

Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean etxebizitza sozialak eraikitzeko guneak zehazten dabiltzala iragarri du alkateak, eta gerakineko diruaren parte bat etxebizitzaren alorrera bidera daitekeela proiektu "indartsu" bat egonez gero, gaur-gaurkoz milioi bat eta ehun mila euro baitaude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak