Herriko argiteria publikoa aldatzeari ekin dio Udalak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urt. 13a, 09:11

300.213 euroko aurrekontua dute lanek, eta aurreikuspena da martxoa bukaerarako amaitzea. Ia herrigune osoan arituko dira lanean.

Herriko argiteria publikoa aldatzeko lanak abian ditu Antzuolako Udalak, Tecuni enpresaren bitartez. 434 argi-puntu aldatuko dituzte, eta "teknologia berritzaileko LED argiak" instalatuko dituzte, "argiztapen hobea eta iraunkorragoa lortzeko" asmoz. Farolen orain arteko itxura, ordea, ez da aldatuko, Aritz Igeltzen, Hirigintza zinegotziaren, hitzetan: "Buruak soilik aldatuko dira, orain duten estetika mantenduz. Herri guztiko kableen berrikuspen sakon bat ere egingo da, eta Beheko Auzoan, esate baterako, kable denak aldatuko dira". Are gehiago, erantsi du aginte-paneletan telekudeaketa aplikatuko dela argiteria guztia programatu ahal izateko.

300.213 euroko kostua dute lanek. Udalak 121.620 euro jasoko ditu Next Generation dirulaguntzetatik, eta 50.000 Goizperretik; gainontzekoa, Udalaren kontu. "Horrez gain, esan beharra dago eginiko inbertsioa sei urtetan amortizatuta izango dugula".

Hala, aurreikuspenen arabera, martxoa bukaerarako amaituko dituzte zereginak.

Eremuak eta helburuak

Errekalden, Antiguan, Ibarrondon, Ondarren, Buztinzurin, Beheko Auzoan, Zurrategin, pilotalekuaren inguruan eta hilerrian egingo dituzte argiteria aldatzeko lanak; baita Deskargako bidean ere, hiru farola berri jarriko baitituzte. Hala, "efizientzia energetikoaren %70eko hobekuntza ahalbideratuko" dela dio Igeltzek, baina ez hori soilik: "Instalatutako potentzia heren batera murriztea ekarriko du, eta karbono lorratza ere murriztuko da". Esaterako, datuen arabera, 130.000 kilowatt-ordukoa izan da orain arteko kontsumoa, baina, orain, 40.000ra igaroko da.

Horrez gain, Igeltzen hitzetan, "argi kutsaduraren eta erreprodukzio kromatikoaren indizea hobetuko" dira, eta horrek "argiteriaren erosotasuna hobetzea" ekarriko du. Jarriko diren materialek, gainera, hamar urteko garantia izango dutela erantsi du, eta instalazioek, bostekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak