Norberak bere barnekotasun proiektua artelan batera ekarri eta hori beste artista batzuekin elkarbanatzea da bosgarrenez Antzuolan egin duten Europa eta Latinoamerika mailako sormenezko topaketan. Argentinan sortu eta Venezuelan garatu zen CREANDO, SORTZEN izeneko arte esperimentazio eskolan du oinarria ekimenak. 2004an egin zuten lehen topaketa eta harrez gero urtean edo bi urtean behin elkartu dira Europako eta Latinoamerikako hainbat lagun euren arte sorkuntzak eta prozesuan izandako bizipenak elkartrukatzeko. Bosgarren urtez Antzuolan egin dute topaketa hori, hango Laskurain baserrian; urtarrilaren 2tik 5era hamar artistek euren lanak erakutsi eta besteengan sortutako emozioak, iritziak, partekatu dituzte.
Literatura, arte plastikoa, pintura, antzerkia zein eskultura moduko arte diziplinak landu dituzte, adibidez, aurtengo topaketan elkartu direnek. Horien artean ego dira Antzuolan bizi diren Ariel Moreno, Marisol Abreu eta Iñaki Mata. 'Itzalak' izeneko proiektua aurkeztu du azken horrek, bizitzaren muinera bidaia egin, ama lurrera, kobazuloetara, eta hasiera horrekin dugun konexioa erakutsi gura izan du. "Zugarramurdin ibili nintzen urte batzuetan, hango museoa jarri genuen martxan hango kondairak, hango magia, gorde beharra zegoela uste genuelako, eta horrekin gogoratuta sortu dut 'Itzalak'. Asteburu honetan, topaketa hauetan, egin dut lehenbiziko aldiz eta hemendik aurrera zein ibilbide izango duen ez dakit oraindik. Baina kanpoan asko ibilitakoa naiz, txotxongiloekin, eta orain hemen egon eta jendea hona etortzeko ideia, gogoa, dut buruan". Mikel Laboaren Baga Biga Higa kantuarekin osatu du aurkezpena Matak, Jorge Monterok gitarrarekin lagunduta.
Parte hartu duten artistak eta lanak:
- Ariel Moreno. Color y algo más (plastika/mixta)
- Alejandro Perez. Amor/Es (bideoarte)
- Gustavo Misle. Diezmo (plastika/eskultura)
- Marisol Abreu. Respiro (plastika/mixta)
- Jorge Montero. La oscuridad (literatura)
- Octavia de Petre. Detrás del gesto (antzerkia)
- Maruma Rodriguez. Icaro y el mar (plastika/marrazketa)
- Janzet Rodriguez Herrera. Atando cabos (instalazioa/mixta)
- Iñaki Mata. Itzalak (plastika/mixta)
- Maria Estela Moriondo. Misterios (plastika/mixta)
Matak azaldu duen moduan antzerkiarekin hasi zuten metodologia hau, baina artearen diziplina guztietara zabaldu dute gero. Hona ekarri gura izan dute eta Txiruli izeneko elkartea sortu dute berak, emazteak eta koinatak, metodologia bera eta batez ere bere ondorioak zabaltzeko.
Abreuren eta Morenoren lanak
Jardunaldian izan da Marisol Abreu ere, Venezuelakoa den antzuolarra, eta Respiro lana aurkeztu du. "Buztina, narrazioa, poesia... landu izan ditut jardunaldien beste edizio batzuetan, eta marrazkietan murgildu naiz aurtengoan. Lanak ez du kalitate teknikorik, ez baitut marrazketa ikasi, baina hutsetik sortzen da, itxarotetik... Azkenean, nire esperientzietatik sortutako bi irudi agertu zitzaizkidan, eta irudikatu egin nituen: arkatzarekin, orri normal batean, eta akuarelarekin, kolorea emateko. Obrak hirugarren parte bat ere badu: idatzi bat".
Han izan da Ariel Moreno herritarra ere, jatorri venezuelarrekoa; Color y algo más lana aurkeztu du. "Instalazio modular bat da, teknika mistoarekin: collagea da lanaren zentrala, burmuin bat balitz bezala, eta koloreak ditu ondoren, alkohol-tintak erabilita. Garrantzi handia du argiak lan honetan. 2024ko azken hiruhilekoan egin dut".