5 urte zituela esan zioten Xabat Askasibar Baleztenari (Antzuola, 2001) aspergerra zuela, eta, orain, sindrome horren nolakotasunaz aritu da Maider Triviño aretxabaletarrarekin batera, Ezagutu eta zure mundua zabaldu izenpean hitzaldia egin baitzuten hilaren 24an Olaranen.
Antzuola Herri Eskolan izan zinen gaiaz hizketan duela bi urte.
Bai. Pertsona ezberdinak gaude munduan, eta Iraia Gabilondok [Helburu akademiako ardura- duna] eta biok pentsatu genuen aurkezpen txiki bat egitea han, umeekin eta irakasleekin. Harrera oso ona izan genuen, eta pentsatu genuen hurrengo pausoa herri mailan zerbait egitea zela, Aspergerren sindromea dugunon gaitasunak azaltzeko.
Zeintzuk dira gaitasun horiek?
Bat, adibidez, memoria oso ona dugula, iraganeko gertakariak gogoratzen ditugula; baita kirol batean aritzeko arauak ondo barneratzen ditugula ere.
Bakoitzaren bizipen eta ezaugarriak, ordea, ez dira berberak.
Halaxe da. Nik, adibidez, Goizperren eta Gureak-en egiten dut lan, eta klasifikatzen naiz ona, gauzak ordenatzen. Goizperren, gainera, urtebete luzatu didate kontratua: langile fina naizela esaten didate.
Herrian aspergerraz hitz egin beharra dagoela uste al duzu?
Bai. Jende askok ez gaitu ezagutzen, eta horregatik zabaldu nahi ditugu aspergerron gauzak, jendeak uler dezan nolakoak garen. Garrantzitsua da umeek eta gurasoek erreferenteak izatea ere, Aspergerren sindromea izanda ere bizitza normala egin daitekeela erakustea. Izan ere, askotan, ezkutuan egoten da, baina kanporatu beharra dago.
Horretan jarraituko al duzue aurrerantzean?
Ikusiko dugu zer egin. Printzipioz, eskerrak eman nahi dizkiet Antzuolako eskolan irakasle izandakoei, eurei esker bainaiz gaur naizena. Eta eskerrak bai- ta Maiderri eta Udalari ere.