Bakoitzak bere esperientzia eta bizipenetatik, autismoa duten pertsonen errealitatea gizarteratzeko helburuarekin, hitzaldia eman zuten atzo, hilaren 25ean, Xabat Askasibar antzuolarrak eta Maider Triviño aretxabaletarrak. Biek dute, hain justu, asperger sindromea, eta hortik abiatu zuen hitzaldia Askasibarrek: "5 urte nituela esan zidaten aspergerra nuela –egun, 23 urte ditu–, eta gaur egun kontzeptu hori erabiltzen ez den arren, niri erabiltzea gustatzen zait".
Hain zuzen ere, haren ideia, Askasibarrena, izan da hitzaldi hau antolatzea, herrian asperger sindromearen gaia landu zedin: "Iraia Gabilondoren akademiara joaten naiz astero, eta urtero proiektu berriak zehazten ditugu; bada, aurtengoa izan da nik dudan sindromearen inguruan aritzea, eta herriko biztanle gisa pertsona ezberdinak bizi garela erakustea". Hala ere, badira asmo horren aurrekariak, Antzuola Herri Eskolako irakasle eta ikasleekin izan baitzen –han ikasitakoa da bera ere urte luzez– duela bi urte, bere bizipenen berri emateko.
Ba al dakizu...?
Hitzaldian gidaritza lanak egin zituen Askasibarrek, eta Triviño izan zen hizlaria, airera galdera bat botaz: "Ba al dakizue zer diren autismoa eta asperger sindromea?". Hortik abiatu zuen, zehazki, bere hitzartzea, eta autismoaren ezaugarriez gain, luze eta zabal jardun zuen autismoa duten pertsona batek izan ditzakeen gaitasunez eta errealitateez, guztienak berdinak ez direla nabarmenduta: besteak beste, gainontzeko herritarrekin harremantzeko erak eta horrek ekar ditzakeen arazoak, bullyinga eta buru osasuneko arazoak. "Guretako egin gabe dagoen mundu batean bizi gara, eta zerbait arrarotzat hartzen da autismoa; gainera, ezezaguna denak beldurra ematen dio jendeari", erantsi zuen. Hala ere, "batzuen begietara hala ez den arren", aldarrikatu zuen autismoa ez dela gaixotasun bat, "baizik eta, pertsonalitate mota bat". Hala, herritarren kontzientziazioan jarri du arreta, horrek mundua aldatu dezakeelakoan.
Bukatzeko, Askasibarrek, eskerrak eman zizkien Triviñori eta Gabilondori, lore-sorta bana banatuz, bidelagun izateagatik. Bestetik, Antzuola Herri Eskolako irakasleak ere gogoan izan zituen, haiekin batera eginiko lanari esker gaur egun den pertsona "zintzo, langilea, atsegina eta bihotz onekoa" izatera iritsi delako.