Hil Arte Bizi egitasmoak bultzatuta, etorkizuneko hilerria marrazten aritu dira herritarrak urtebetean, eta heriotzaz hizketan. Martitzenean aurkeztu zituzten prozesu horren emaitzak, eta Nere Erkiagak, egitasmoaren bultzatzaileak, azaldu du "askatasunez eginiko gogoeta" izan dela: "30 urte barruko hilerria irudikatu dugu, mugarik gabe, asmoa gogoeta egitea baitzen gerora interbentzioren bat egin nahiko balu Udalak".
Iazko urtarrilean egin zituzten lehen urratsak, Antzuola Herri Eskolarekin: "Prozesuaren motorra izan da, aurrez landua baitzuten heriotzaren gaia, eta bat egin zuten". Uztailean batu zen proiektura Udala, dirulaguntzarekin, baita EHUko Parte Hartuz ikerketa-taldea ere. "Maria Eugenia Irazabal eta Pilar Etxaniz herritar eta irakasle ohien lana nabarmenduko nuke, herritarrengana gerturatzeko soziograma bat egin baitzuten". Udazkenean jo zuten herritarrengana, eta, urtebetera, prozesuaren emaitza "harrigarria" izan da: "Jakituria asko ekarri dira txostenera, eta horiek josten aritu naiz".
Funtzio sinbolikoa
Erkiagaren arabera, hilerriaren funtzio sinbolikoa da emaitzetan nabarmendu beharreko puntuetako bat, "gakoa". "Maitasuna adierazteko leku bat da, maite ditugun hildako pertsonak oroitu eta omentzekoa; 3 urteko umeek, herritar txikienek, ja azaldu zuten ideia hori eskolan, eta etengabe agertu da gaztetxoekin –12-13 urte– eta helduekin eginiko tailerretan".
HILERRIA ETA NATURA UZTARTU BEHARRA JASO DA PROZESUAN, HILERRI BAT DELA EZKUTATU GABE
Zaintzari ere garrantzia eman diote saioetan, praktiko zein sinbolikoari: "Adibidez, elizako andreen kezketako bat da ea nork zainduko dituen hildakoak: inor ez badoa euren ondoren hilerrira, zertarako han egon?". Zaintza sinbolikoaz ere jardun zuten elizakoen saioetan, besteak beste, errezoez, baina herritar gehienek zaintza praktikoan jarri dute arreta, hilerriak ondo zainduta egotean.
Izaera publikoa eta jasangarria
Hilerriaren izaera publikoa da aipatutako beste puntuetako bat: "Lurrak herriarenak dira, Udalarenak, eta denentzako leku izan beharko lukete". Itxurari dagokionez, espazio hori "neutroa" izatea aipatu dute, naturarekin uztartua –adibidez, parke edo ingurune natural bat–, hilerri bat dela ezkutatu gabe: "Bizia baino gehiago, espazio lasai bat izatearen alde egin da, agurretatik harago –hala nahi bada– jairik gabekoa, beti egongo baita han pertsonaren bat doluan egongo dena".
Ekonomikoki, ekologikoki eta zaintza aldetik jasangarria izatearen garrantzia ere azpimarratu dute: "Ez egotea hobi aberatsago edo pobreagorik, eta mantentzea aintzat hartzea, ondo pentsatutako diseinu bat, baina ez oso garestia; zaintzan, berriz, epe batzuk zehaztu beharraz jardun da, luzatzeko aukera batzuekin, hobiak abandonatuta gera ez daitezen".
Askotariko zerbitzuak
Zerbitzuen aniztasuna ere aipagai izan du Erkiagak, emaitzak oinarri. Haren arabera, "zerbitzuak askotarikoak badira, beharrak hobeto" erantzungo dira, eta aukeren artean aipatu dituzte, besteak beste, lurperatzeak –lurrarekin eta banaka, taldeka edo era anonimoan egiteko aukerarekin–, errautsentzako leku bat, heriotza perinatalerako beste bat, baita agurrak egitekoa ere. "Gune kolektibo baten beharra ere agertu da, oroitzekoa, lehengo eta oraingo herritarrak sinbolizatzekoa, edo doluari jarraipena ematekoa".
ONDORIOETAKO BAT DA UDALEK SAKONDU EGIN BEHAR DUTELA HILERRIEKIKO ESKUMENETAN
Horrez gain, erlijioei eta sinesmenei dagokienez, hobietan-eta sinboloak jartzeko aukera proposatu da, "heterogeneoa" delako gizartea, eta guneak, gainera, bateratuak izatea aurreikusten da, inongo diferentziarik gabe. Horretarako, ordea, erlijio eta sinesmenak errespetatuz, guneak egokitzeko aukera egon beharko litzateke: "Horrek malgutasuna eskatzen du Udaletik eta komunitatetik".
Zaindu beharrekoak
Jasotako guztia gauzatzeko, hala ere, urrats batzuk egin beharko lirateke, eta puntu batzuk zehaztu ditu Erkiagak, ondoriotzat: hilerriak progresiboki eguneratzea; lur publikoak zaintzea; hileta zerbitzu publikoak indartzea eta udalek euren eskumenetan sakontzea, hala nola konpetentziaren zaintza eginda, errauste zerbitzu publikoak ez ezik beilatoki publikoak eta erabilera librekoak sortuta, udalak ahaldunduta heriotza gaien aurrean, gardentasuna ziurtatuta eta Udaletan erreferentziazko langile bat izanda halako kasuak bideratzeko.
Zer dakar halako prozesu batek?
JOSUNE JIMENEZ, Antzuola Herri Eskolako irakaslea:
"Egunerokotasunean sarri lantzen dugu heriotza modu naturalean, gertakariak-eta kontuan hartuta, heriotza bizitzaren parte baita. Egitasmo honekin ikusi genuen gaia gehiago landu genezakeela ikasgeletan, eta baiezkoa eman genion Nereri berarekin lanean hasteko".
OLATZ LEZETA, Antzuolako alkatea:
"Hilerria denona dela erakustea, Elizarena dela ematen baitu, baita Udalak hor egin behar handi bat duela ere. Aztertu beharko dugu zer egin daitekeen epe motzean eta zer luzean, ez baitiogu buelta askorik eman. Ea pausoz pauso denontzako hilerri bat egiten dugun".