Duela sei urte egin zuten azkenengoz Trekutz Eguna, baina aurten berriro martxan jartzea erabaki du Meaka-Irimo herri plataformak. Oraingoan, baina, aldarrikapen batekin. "Esan daiteke Trekutz Eguna bueltan datorrela, ez luzerako, baizik eta aldarrikatzeko hemen parke eoliko bat egin behar dutela eta gure kontrakotasuna erakutsi nahiz herritarrak batzeko", azaldu du elkarteko kide Mikel Arregik.
Goizeko bederatzietan atera ziren oinez Antzuolatik Irimora hilaren 7an, eta ibilbidean zehar proiektuak bitarte horretan izango duen eraginaz jardun zuten; besteak beste, herritarrei parke eolikoaren azpietazioa eta bi erroten kokapena azaldu zizketen. Ekitaldi nagusia Irimon egin zuten, eta han beste behin egin zuten aldarria.
Hala, 12:30erako Gaztelugain elkartera jaitsi ziren eta toka nahiz bola-joko txapelketa egin zuten, ohiturari jarraituz. Batzuk besteek baino punteria nahiz abilezia hobea izan zuten, eta, azkenean, irabazlea Ekain Irizar izan zen. Bazkaldu ere bertan egin zuten 150 lagun baino gehiagok eta bertako produktuekin kozinatutako menua jan ahal izan zuten. Bertsolariak eta erromeria izan zituzten ondoren.
Herritarren erantzunarekin gustura
Herri plataformako kideen esanetan, erantzuna "oso ona" izan da. "Buruan geneukan 150 lagunendako bazkaria antolatzea. Goizean mendira 50-60 lagun joan direla esango nuke. Orain ere egitarauan jendea parte hartzen dabil eta bazkaltzen ere 150 txartel saldu ditugu, eta aparte jendea bere janariarekin etorri da; beraz, ondo pozik", adierazi du Arregik.
Batzuendako lehen aldia, besteendako ez, eta azken horiendako pozgarria izan da Trekutz Eguna bueltan ikustea. Horietako bat izan da Jesus Kortabarria Kaxeta: "Aurten geneukan aitzakia bat, nahiko garrantzitsua. Hemen dagoen proiektuari aurre egin behar diogu. Ez dut pentsatzen bidezkoa denik, eta honek bi alderdi dauzka. Batetik, festa, eta bestetik, aldarrikapen hori. Nik uste dut oso polita dela denok elkartzea eta uste dut merezi duela antolatzea ere".
Trekutz parke eolikoaren proiektuaren desadostasunean bildu ziren Trekutzen, eta bertaratu zirenek ere erakutsi zuten hori: "Azkenean, herrian badago aldarri bat parke eolikoen inguruan, eta badago eztabaida. Nik uste dut jendea biltzea interesgarria dela". "Azkenean ideia ona da eta denon artean nahi dugu lortzea Irimon parke eolikorik ez jartzea eta ea lortzen dugun", zihoen beste herritar batek.
Hala, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren erantzunaren esperoan da Meaka-Irimo plataforma, Udalak zein herritarrek jarritako alegazioei erantzuna ematea baitagokio: "Espero genuen abuztu bukaeran, iraila hasieran publiko eginda egongo zela, baina oraindik zain gaude".
Ekintza gehiago
Meaka-Irimo plataformak aurreratu du borrokan jarraituko dutela, eta dagoeneko antolatu dituztela irailerako hainbat jarduera. Bi aste barru Euskal Herri mailan eolikoak egin diren lekuetako artista ezberdinen erakusketa egon da Olaranen. Iraila bukaeran, berriz, As bestas filma izango da ikusgai Torresoroan. Azken hilabeteetan gainera, agerraldiak egin dituzte Eusko Jaurlaritza aurrean Gasteizen eta dinamika horrekin jarraituko dute.