Irailaren 7an, zapatua, ospatuko dute aurten Trekutz Eguna, urte batzuetan desagertuta egon ondoren. Meaka-Irimo herri plataformako kideek berreskuratu dute, eta, ospakizuna mantentzeaz gain, aldarri bat gehitu diote egunari: Trekutz parke eolikoaren aurkako borrokan urratsak egiten jarraitzea.
Irimora irteera izango da eguneko lehen ekintza, 09:00etan Herriko Plazatik abiatuta, proiektua zertan datzan azalduko dute ibilbidean, Mikel Arregi plataformako kideak adierazi duenez: "Mendi buelta aprobetxatuko dugu Irimora joan eta haize-errotak zein azpiestazioa egingo den tokietan azalpen batzuk emateko; ondoren, ekitaldi bat egingo dugu tontorrean, hitzartzeekin, txalapartarekin, bertsoekin...".
Txirlo eta toka txapelketak ez ezik, herri bazkaria izango da ostean, bertso saioak eta erromeriak jarraituta, Astiazaran eta Narbaizarekin. Bazkarirako txartelak, gainera, Aitz Garbi tabernan daude salgai abuztuaren 30era arte; horrez gain, Kalebarrenen ere salmenta puntua jarriko dute abuztuaren 2an eta 30ean. "Egun polita izango den zalantzarik ez dugunez, Antzuola eta Urretxu-Zumarragako herritarrei irailaren 7a erreserbatu eta Trekutz Egunera etortzeko gonbidapena egiten diegu".
Proiektuaren egoera
Capital Energy enpresak, Cilda Energyren bitartez, 2021ean eman zuen Trekutz parke eolikoa gauzatzeko asmoaren berri, eta Udalak 2023ko azaroan eman zituen horri buruzko azalpenak. "Orain, erresoluzio fasean dago. Enpresak aurkeztutako proiektua iazko abenduaren 15ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian, eta otsailerako tartea egon zen alegazioak aurkezteko. Udalak aurkeztu zituen ofizialak eta plataformak, berriz, herrikoiak; 3.000-4.000 inguru", azaldu du Julian Ramirez de Okarizek, Meaka-Irimo plataformako partaideak.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, administrazio epeen arabera, abuztuaren 6ra arte du alegazioei erantzuna emateko; martitzenera artekoa, alegia. "Orduan espero dugu proiektuarekin lotutako berriren bat. Horrenbestez, haren erantzuna proiektuaren kontrakoa bada, pozez jasoko dugu berria, zalantzarik ez; proiektuaren aldekoa bada, ordea, guk, behintzat, borrokan jarraituko dugu orain arteko moduan: ez daukagu gelditzeko asmorik".