Denetariko musika eskaintza egongo da jaietako lau egunetan zehar, baina, ziurrenik, nagusia Gari & Maldanbera taldeak Herriko Plazan emango duen kontzertua izango da. Martxoan ikusi zuen argia euren lan berriak –Behin bizitzea–, eta, ordutik, kontzertu-biran murgilduta daude. Taldeko abeslari Iñaki Igon Garitaonandia Gari-rekin (Legazpi, 1963) izan da GOIENA, disko berriari eta Antzuolan emango duen kontzertuari buruz hitz egiteko.
Kontzertu-bira betean iritsiko zarete Antzuolara; zer-nolako harrera ari zarete izaten?
Hilabete batzuk daramatzat disko berria aurkezteko biran, eta udarako saio bereziak prestatu ditugu. Txikitako udako jaiak gogoratzen ditut: bola-txapelketa arratsaldean, bertsolariak, eta ondoren, Kaxianoren jazbana, arratsaldea dantzaz girotzeko. Oroitzapen horiekin udarako saio bereziak prestatu ditut. Disko berriaren abestiek oso ondo funtzionatzen dute publikoaren aurrean, eta, hortik abiatuz, oraingoan oso modu ezberdinean jantziko ditugu: pianoarekin, gitarra klasikoarekin eta ahotsarekin. Musikari handiz babestuta, testuak eta sortzen diren emozioak azpimarratzea lortuko dugu.
Behin bizitzea lanak martxoan ikusi zuen argia; zer aurkituko du entzuleak bertan?
Musikaltasuna da nagusi Behin bizitzea-n, eta gaur egungo disko bat dela esango nuke. Oso ondo moldatutako abesti xumez beteta dago; abestiak konponketaz beteta daude. Sorpresa asko dago kantu bakoitzean.
Iraganera bueltarik egongo al da Antzuolan emango duzuen kontzertuan?
Gau berezia izango da; hortaz, ikusiko dugu…
Herriko jai nagusiak dira Antzuolakoak, baina herri txiki baten xarma duen agertokia da, aldi berean; gustuko dituzu horrelakoak?
Bai, bai, gero eta gusturago sentitzen naiz halako saioekin. Gauza txikiekin, xumeekin. Horrelakoetan sentitzen naiz askeago eta jendetik gertuago. Bakarka jotzen dudanean bezala, halako saioetan sortzen da magia berezia.
Aldaketa bat ere izan duzu arlo pertsonalean, eta puntu berezi batean zaudela diozu; nabari al da hori diskoan?
Dudarik gabe. Gauza berriak probatzea beti izan dut gustuko, baita musika arloan ere. Urteetan zehar egindako bidearen ondorioa da lan hau, hamaika proba-erroreren ondorioa. Ni bezala.
Eta aldaketa horren ostean, nolako Gari aurkitzen du orain ikusleriak oholtza gainean?
Antzuolan aurkeztuko dugun saioa oso saio berezi, xume eta biluzia izango da, eta, horrekin batera, ni ere modu berean agerraraziko naiz.