Lau hamarkada geroago, bigantxak Ondarreko plazan

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko uzt. 17a, 10:00

Zezenak Ondarreko plazan 1967an. Argazkia: Irimondo

Berrogei urte igaro dira azkenekoz Ondarreko plazan bigantxak izan zirela, eta aurten, jaietako nobedade nagusi gisa, berriz itzuliko dira hara. Hala, zezenzaleek jaietako domekan izango dute hitzordua Ondarreko plazan, hilaren 21ean, 18:00etan hasita

Zalantzarik gabe, Antzuolako jaietako egitarauari erreparatuta nobedade esanguratsu bat dago aurten. Antzuolar batzuek, agian, gogoan izango dute nola Ondarreko plaza zezentoki bihurtzen zen duela urte asko; bada, aurten, berriz itzuliko dira, jaietako domekan, arratsaldeko seietan hasita. Lau hamarkada igaro dira azkenengoz han bigantxak egon zirenetik. "Egon izan dira bigantxak Antzuolan, baina txikienei bideratuta, bigantxa txikiekin eta bestelakoekin. Duela bederatzi urte egon ziren azkenengoz herrian. Ondarreko plazan, ordea, berrogei urte izango dira ez dela zezenketarik izan", dio Imanol Lizarraldek, Antzuolako Udaleko zinegotziak.

Lizarraldek gaineratu du ohiko formatuan itzuliko direla: "Ondarreko plaza hesiekin inguratuko da eta handik plazarako bidean dagoen kalea ere gehituko diogu oraingoan". Bigantxei dagokienez, Endoiako (Gipuzkoa) Albara ganadutegikoak izango dira, eta zazpi bigantxa ekarriko dituztela adierazi du zinegotziak.

Plaza zaharrak errekuperatzen

Bigantxak Antzuolara itzultzearen arrazoietako bat Euskal Zezenzaleen Elkarteak duen helburuetako bat da: plaza zaharrak errekuperatzea. "Bigantxak egon izan diren plazak errekuperatzea bultzatzen dute eta hemen ere aukera ikusi zuten horretarako, eta aurrera atera da. Esaterako, gurean, Eskoriatzan ere berreskuratu dituzte, eta badakit Zegaman ere berriz egon direla", dio Lizarraldek.

Udaletik bigantxak itzultzearen alde egin duten arren, Imanol Lizarraldek argi du ikusi egin beharko dela nolako erantzuna izaten duten: "Itzultzearen alde egin da, baina badakigu denetariko iritziak egon daitezkeela. Dena dela, aurten probatu egingo dugu, eta ea ze erantzun eta harrera izaten duten. Ondoren, balorazioa egingo da, eta horren arabera erabakiko da datozen urteetan errepikatuko dugun edo ez".

Udalaren gonbita eta oharrak

Jaietako egitarauko nobedade nagusienetakoa izanik, Udalak gonbita egin die herritarrei bigantxak ikustera eta haiekin gozatzera joan daitezen. "Seguruenik, kanpotik etorriko da jendea; zezenketetan ibiltzen direnak, alegia. Ea Antzuolako jendea ere animatzen den", dio Antzuolako Udaleko zinegotziak. Gonbita egiteaz gain, ohar bat ere utzi nahi izan du: "Azpimarratu nahi dugu 16 urtetik gorakoek bakarrik dutela parte hartzeko aukera. Adin horretatik beherakoek debekatuta izango dute sartzea; izan ere, guk kontratatzen ditugu aseguruak 16 urtetik gorakoentzat dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak