Dantzak eta omenaldiak jaiei hasiera emateko

Gontzal Belategi Zubia 2024ko uzt. 15a, 15:00

Joan den urtean egin zen zapi jartzearen une bat.

Hilaren 18an hasiko dira Antzuolako jaiak ofizialki, aurrez zenbait ekimen badiren arren. Txupinazoak emango die hasiera jaiei, eta ondoren, ohiko ekintzak egingo dituzte. Zapia jartzeak eta ikurrin zein soka dantzek ez dute hutsik egingo

Gaur zein atzo egitaraua osatzen duten zenbait ekintza egon arren, hilaren 18ra arte itxaron beharko da Antzuolako jaiei hasiera ofiziala eman ahal izateko. Txupinazoa izango da festari abiapuntu hori emango dion ekintza. 12:30ean izango da hori, Herriko Plazan.

Zapia jartzea

Omenaldiek pisu handia hartzen dute jaien lehen egunean, eta horiek zapia jartzearen forma izaten dute. Ohikoa den moduan, adineko bi pertsona eta jai batetik bestera jaio diren haurrak izango dira protagonistak.

Adinekoei dagokienez, emakumezko bat eta gizonezko bat izaten dira omenduak, eta zehaztuta dago nortzuk izango diren zapia jasotzeko pribilegioa izango dutenak. "94 urteko Antonia Fernandez Saco eta 91ko Felix Larrea Kortabarria izango dira aurten omenduko diren pertsonak", dio Jone Larrañagak, Kultur teknikariak.

Ondoren, jaioberrien txanda izango da. Hain zuzen, hamahiru haur jaio dira jai batetik bestera. Guztiek jaso dute gonbidapena, eta zapi bana izango dute zain udaletxean. Zapi horiei dagokienez, aurten, betirako izango den zapia atera dute, baina, Larrañagak dioenez, omenduen zapiek berezitasun bat izango dute: "Haien zapiek urtea izango dute idatzita, oroigarri modura gorde dezaten".

Dantzak

Jaien lehen eguneko beste momentu garrantzitsu bat dantzak izaten dira. Urtero bezala, Oinarin Dantza Taldeko gaztetxoenek ikurrin dantza egingo dute plazan, 20:00etan hasita. Dantzekin jarraitzeko, udalbatzako hainbat kidek soka dantza egingo dute elkarrekin.

Une berezia izan ohi da hori Oinarinekoentzat, baina aurtengoa bereziagoa izango da, bi dantzen artean egiten den ban- dera eta ikurrina jasotzea haiek egingo dute eta. Urte hauetan guztietan kulturaren eta herriaren alde egindako lanari aitorpena izango da: "Egunero lanean ibiltzen dira, entseatzen edo besteei dantzak erakusten. Gure esker ona adierazi nahi diegu".

Zuzeneko emankizuna

Hain justu, Goiena ere jaien hasierako ekitaldian izango da, zuzeneko emankizunaz gozatzeko aukera izango baita Goiena telebistan eta goiena.eus atarian, 19:45etik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak