Azpiegitura muntatu ostean, txosna zabaltzen den momentutik aktibatuko dituzte tabernan
edariak erosi ahal izateko txartelak erosteko makina –ezingo da diruz ordaindu– eta erasoen
aurkako protokoloa. Azken horren harira, Txosna Batzordeak argi utzi du ez duela "inolako eraso sexistarik onartuko". Hala, horrelakoren bat sufritzen edo ikusten duenak barran dagoen arduradunarengana jo beharko du. "Beldur barik laguntza eskatu, eta arduradunak zehaztuko ditu jarraitu beharreko pausoak. Sufritu ez baina besteren batek sufritzen duela ikusten duenari ere eskatuko diogu abisua emateko. Jaiak bakean nahi ditugu, eta ez dugu erasorik onartuko", azpimarratu du Kortabarriak.
Lan-txandak beteta
Txosnagunea zabalik dagoen orduetan ahalik eta arreta onena emateko, hainbat lan-txanda zehaztu behar izan dituzte, eta lortu dute txanda guztiak betetzea. "Lan-txanda batzuk apur bat luzeagoak izango dira, baina oraingoan ere herritarren erantzuna ona izan da. Gure leloa
izan da Jende barik, ez dago txosnarik. Antolatu gutxi batzuen artean eginda ere, eguneroko- tasunerako laguntza handia behar dugu".
Musika emanaldiak
Txosna Batzordeak osatu duen egitarauan musika emanaldiak izango dira protagonista, eta lau egunean askotariko musikaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Eguenean bertan, Xugux taldeak emango du txosnaguneko lehenengo kontzertua, 01:00etan hasita.
Egubakoitzean, Buru Gabe (22:00), Neallta Fola (23:15) eta Argitu (00:30) taldeen txanda izango da. Bata bestearen jarraian egingo dituzte emanaldiak. Zapatuan, berriz, etxeko taldearendako txanda izango da. Harrikada taldeak kontzertua egingo du 22:30ean. Haien ostean, Dirty Old Gasteiz eta DJ Kepix igoko dira oholtzara. Hilaren 20ko gaua luzatu gura dutenendako, berriz, Patxangoi elektro-txarangaren kalejira egongo da, goizeko zazpietan.