Harrikada taldearen lehena, etxean

Mireia Bikuña 2024ko uzt. 15a, 16:12

Markel Zabalo, Inar Cabo, Ekhi Larrañaga eta Miren Sanchez. Irudia: Harrikada.

Zapatuan, uztailaren 20an, egingo du taldeak estreinaldia, kontzertua izango baitu txosnagunean. Bidea hasi besterik ez dute egin.

Urtea hastearekin batera hasi zituzten entseguak. Markel Zabalok, Ekhi Larrañagak, Miren Sanchezek eta Inar Cabok musika dute gustuko. Antzuolarrak dira laurak, eta, zaletasun horren bueltan, Harrikada taldea sortu dute. "Elkarrekin zerbait egitea pentsatu genuen. Ideia aspaldikoa da, baina urte hasieran hasi genituen entseguak. Rock, punk eta oi! musika egiten dugu. Momentuz, euskal taldeen bertsioak jotzen ditugu", esan dute taldeko kideek.

Erreferente musikalen artean dituzte Brigade Loco, Rotten XIII eta Arkada Social taldeak, besteak beste.

Herritarren babesa

Hilaren 20an emango dute lehen kontzertua, txosnagunean, herritarren, etxekoen eta lagunen aurrean. Laukotearen estreinako zuzenekoa izango da. "Oraingoz, nahiko lasai gaude, baina eguna gerturatzen den heinean ziur urduri jarriko garela. Gure lehenengo kontzertua izango da, eta garbi genuen Antzuolan egin gura genuela. Oso pozik gaude horrela izango delako", diote.

Ez dute ezer berezirik prestatu, emanaldia bera izango da-eta "berezia. Gure gustuko hainbat kanta prestatu ditugu, baina kontzertuko bereziena, duda barik, herritarren, lagunen eta etxekoen gertutasuna eta babesa sentitzea izango da", azpimarratu dute.

Kantu propioak sortu

Hilabete batzuk bakarrik daramate, baina bidea hasi besterik ez dela egin diote: "Aurrera jarraitu gura dugu. Hobetzen, bizipen berriak izaten, ikasten...".

Hurrengo pausoa EP edo diskoren bat grabatzea izan daiteke: "Polita izango litzateke. Oraingoz, oholtza gainean eskarmentua hartzen joan gura dugu, pauso berriak eman ahal izateko. Gure kantu propioak ere sortu gura ditugu"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak