Otaingo karobia txukundu dute auzolanean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko eka. 27a, 16:24

Hogei karobi daude Antzuolan, Jose Mari Iturberen arabera, eta horietatik hamar daude konpontzeko moduan: Otaingoa da horietako bat, eta txukuntze lanetan aritu da Juanjo Aranbururekin batera. Izan ere, ondarea mantentzeko asmoa dute.

Kareharria egosi eta karea egiteko tokiak izaten ziren karobiak. Antzuolan, esate baterako, dozenaka daude; ez, ordea, egoera onean. Bada, horretaz jabetuta, horietako bat txukuntzen aritu dira Jose Mari Iturbe eta Juanjo Aranburu herritarrak: Otaingo karobia, hain justu. Urteak zihoan jausita, eta hiruzpalau egunean txukundu dute haren ingurua. "Halere, ez dugu karobiaren dokumentazio zehatzik. Badakigu XVIII. mendean egin eta ugaritu zirela inguru hauetan, kareharria hauts bihurtu eta laborantzan erabiltzeko, baina 1940-1950 inguruan utzi zitzaion erabiltzeari. Hau ere inguru hartakoa da", azaldu du Iturbek.

HIRU METROKO ETA 3,5 METROKO ALTUERA DU KAROBIAK, ETA GORAINO BETETZEN ZEN HARRIZ

Hiru metroko diametroa eta 3,5 metroko altuera du, gutxi gorabehera, Otaingo karobiak, baita berezitasun propioak ere, guztiak ez baitira berdinak: "Honek, konkretuki, haize-sarrera bat du, haizea karobi barrura sar dadin; barnean, berriz, bobeda bat zuen egina harri handiagoekin, pilota baten tamainako kareharri-koskorrak jartzeko". Karobia goraino betetzen zuten harriz, eta batzuek egurra ere tartekatzen zuten; baita otea ere. "Eskura harrapatzen zuten erregai-mota guztia, alegia. Hori guztia su bizian izaten zuten sei-zazpi egunez, kareharria desegin zedin".

Otaingo karobia, konponduta eta ingurua txukunduta, Irimo Barrena auzoan. Irudia: A.R.K.

Karobi bat martxan mantentzeak, beraz, lan handia zuen, eta horretarako jendearen parte-hartzea behar izaten zen. Bada, Iturbek adierazi du auzolanean aritu ohi zirela bizpahiru baserriren artean: "Lan egin beharra zegoen. Lehenengo, harria ekarri behar izaten zuten Arrasatetik, Udalatx aldetik, eta kalkulatzen da hemengo karobietako bakoitzak hamabost-hogei tona harri behar izaten zituela; bada, pentsa zenbat behar izaten zen guztia betetzeko. Egur eta ote asko ere behar izaten zen, eta hori guztia egiteko elkartzen ziren baserriak; gainera, gau eta egun zaindu beharra zegoen. Horrela aritzen ziren lanean, normalean".

Karobi gehiago

Iturbek eta Aranburuk, Otaingo karobiko txukunketa lanak egin ondoren, Antzuolan dauden gainontzeko karobiak zenbatzeari ekin zioten, eta denera hogei kontatu zituztela nabarmendu du Iturbek: "Hogei dira, behintzat, guk lokalizatu genituenak; horietatik hamar soilik daude nahiko osorik, ordea. Garbitu egin behar dira, konpondu, baina berreskuratu daitezke. Beste hamarrak ez daude, sasoi batean pistak-eta egiteko erabili baitziren harriak –beste batzuk, berriz, obrekin-eta desagertu dira; esaterako, Abiadura Handiko Trenarenarekin–. Beraz, kokapena eta zuloa non dagoen jakinekoa da, baina ez nolakoa zen karobi osoa".

HOGEI KAROBI DAUDE ZENBATUTA ANTZUOLAN, BAINA HAMAR DAUDE BERRESKURATZEKO ERAN

Hain justu, desagertuta dauden hamar karobiei dagokienez, bina zeuden honako auzoetako bakoitzean: Galartzan, Arantzaleku eta Gorriz azpikoa; Uzarragan, Garikatza eta Bidaurre; Lizarragan, Lamariano eta Aranguren; Irimo Barrenan, Lizardi eta Oñati bidea; eta Basalden, Olazabal eta Ipurtika-Egurribai. Aztarnak besterik ez dago leku haietan.

Ondarearen mantentzea

Konponketa horiek, ingurua txukuntzeaz harago, badute beste helburu bat: ondarea zaintzea; bai, behintzat, Iturberendako: "Karobi batzuk larrez-eta daude josita, hormak ukituta daude arbolak-eta sortu direlako inguruetan; ondorioz, lehertzear daude; garbitu eta txukundu egin daitezke, kontserbatu nahi baldin baditugu, bederen".

Haren esanetan, ordea, "askotariko ikuspuntuak" daude ondarearen mantentzeari dagokionez: "Batzuek esaten dute gauza zaharrek ez dutela ezertarako balio, baina beste batzuek pentsatzen dugu zerbaitetarako egin zirela eta kontserbatu egin behar direla; are gehiago, azken urteetan galdu dugun ondarea gogoan izaten badugu". Erantsi duenez, hirurehun-laurehun urtean zutik mantendu diren egiturak desagertuz gero ondorengoek ez dute jakingo zer ziren eta zertarako erabiltzen ziren.

Hala, inguruetan dagoen ondarea mantendu dadin, lan egitea funtsezkoa da. Iturbek eta Aranburuk, esate baterako, ez dute proiektu handien arabera funtzionatzen, otu ahala egin ohi baitituzte lanak auzolanean; batzuetan, beste herritar batzuekin batera. Beste eragile batzuen beharra eta babesa, baina, funtsezkotzat jotzen dute: "Faltan igartzen da, ondareari dagokionez, herri mailan bultzada bat ematea, izan Udala zein entitateak; modu horretan, denon artean zaindu ditzakegu gauzak, ez daitezen galdu gelditzen diren apurrak".

Berreskuratu daitezkeen egiturak

Otaingo karobiaz gain, beste bederatzi daude berreskuratzeko moduan: Galartza auzoan, Gorriz gainekoa; Uzarragan, Lausagarreta eta Elutza; Lizarragan, Udala, Aranburu eta Akiñao; Irimo Goenan, Igeribar eta Saraskea; eta Irimo Barrenan, Oñati bidea.


Lausagarretako karobia; atzean, izen bera duen baserria. Irudia: Jose Mari Iturbe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak