Barrura begiratu, kanporatzeko

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko mai. 17a, 09:03

Meditazio gela ireki berri dute Antzuola Herri Eskolan, ikasleek eta irakasleek ez ezik gurasoek ere isiltasunean egoteko leku bat izan dezaten. Nigan egitasmoko kideak aritzen dira saio horiek ematen, eta herrian ere gero eta zabalkunde handiagoa du.

Nigan egitasmoko sustatzaile Jesus Mari Mataren eta Amaia Etxanizen hitzetan, "irteera barrurantz doa"; alegia, "modu iraunkorrean bizitzeko bidea barrura begiratzea ez ezik", elkar ezagutzea dela, eta "mundu mentala, emozionala eta sakona kudeatzen ikastea". Haien arabera, edozein gizakik egin dezakeen bidea da, eta, beraz, baita gazteenek ere. Hala, hori aintzat hartuta, Antzuola Herri Eskolarekin batera –Barnetik hazi eta hezi izenpean–, saioak eskaintzen hasi ziren ikasleei, eta, orain, ikastetxearen ekimenez, meditaziorako gela bat ireki dute eskolan bertan.

Proiektua, beraz, ez da hutsetik sortu, Nigan ekimenak hamazazpi urte baitaramatza lanean. "Zalantzarik gabe, gela honen irekiera mugarri bat da, ekimen hau urteetan atzetik bultzatu nahian ibili dena", adierazi du Etxanizek. Haren hitzetan, haien semeetako bat haurra zela nabaritu zuten gazteek bazutela isiltasunean egoteko beharra, meditatzekoa eta, aldi berean, adimen emozionala eta ongizate mentala lantzekoa. "Jesus buru-belarri aritu zen ikertzen ea zer egin genezakeen, orduko hartan ez baitzegoen inguruan horrelako ezer".

IRAKASLEEK JASO ZITUZTEN LEHEN SAIOAK, ONGIZATEA EMOZIONALA ETA ZAINTZA OINARRI

Esan eta egin. Matak azaldu duenez, "isiltasunean egotea" posible dela erakusten dihardute egun umeei, eta hor egonik "sentitzen eta pentsatzen duten hori kudeatzen saiatzen", batik bat, meditazio praktikarekin. Hala ere, ez da tresna bakarra: "Aurten isiltasunean gustura egotea erdietsi dugu, baina proiektua urte batzuetarako da: adimen emozionala landuko dugu ondoren". 3 urtetik 12 urtera arte sumatu baitute horrelako guneak "pozarren" hartzen dituztela: "Patroi bat da: oso gustura egoten dira arnasa hartzen, isilik, eta asko lantzen dugu euren arteko maitasunezko kontaktua ere; ez da hitzik jartzen, baina asko adierazten dugu kontaktuarekin".

Hori berretsi dute Amalur, Axel eta Amaiur ikasleek ere. "Zapatilak eranzten ditugu, lehenengo, gelara sartzeko, eta, gero, masajeak-eta egiten ditugu; baita bihotza ukitu ere, lasaitzeko. Gu horrela lasaiago egoten gara. Lo ere hartu dugu noizbait...".

Lehendabizi, irakasleak

Eskolako ikasleek gutxienez astean behin izango dute meditazio gelara joateko aukera, baina baita irakasleek ere, eurak baitira, hein batean, lehen urratsak egin zituztenak ikastetxean, Niganekin batera: "Ohartu ginen formakuntza mordo batzuk jasotzen genituela hezkuntzari dagokionez, baina hutsune bat zegoela norberaren zaintza eta ongizate emozional horretan: bada, gu zaintzaile bagara, nola zaindu beste batzuk gu ez ba- gaude ondo?", adierazi du Silvia Ezpeletak, Antzuola Herri Eskolako zuzendariak.

Duela hiru ikasturte inguru hasi ziren irakasleak saio horiek jasotzen, eta horrela jarraituko dute aurrerantzean ere, ikastetxeko espazio inauguratu berria baliatuz. Ezpeletak, gainera, azpimarratu du gurasoendako ere zabalik dagoela espazioa: "Komunitate osoa pasa daiteke, gurasoak tartean, euren meditazioak eta erlaxazioak egiteko".

Niganeko kideak –alkandora gorriarekin, Mata; alboan, beixez, Etxaniz– Herri Eskolako eta Udaleko kideekin. Irudia: Txomin Madina.

Ane Miren Etxeberria da, esate baterako, gurasoetako bat, eta azaldu du gurasoek egokitzat jo zutela proiektua ikasle guztiei zabaltzea –gurasoek ere jaso dituzte saio batzuk–, eta "pozik" daudela emaitzarekin: "Eskolaz harago doa, etxean ere nabaritzen baita saioetan ikasitakoa, urduri-eta daudenean arnasketak egiten baitituzte; aurrera jarraituko dugu honekin datorren ikasturtean, eta gurasook etxean gehiago inplikatuta agian gauza gehiago egin daitezke".

Herrira zabalik

Meditaziorako propio atondu dute gela eskolako kideek, Goizperren eta Udalaren dirulaguntzak jasota.

UDALAK ERE NIGANEN PROIEKTUA BULTZATU DU, "HERRI MAILAN FORMA EMATEKO BEHARRARENGATIK"

Olatz Lezeta alkatearen hitzetan, "ederra" da espazioa, eta "lan ona" egin dute: "Oso inportantea da umetatik norberaren sentimenduak kudeatzen ikastea. Matematika, euskara, ingelesa eta abar ikasi ohi dugu, baina bizitzarako garrantzitsuena dena, aldiz, ez". Hark esandakoarekin bat egin du Inma Beristain Hezkuntza zinegotziak ere, erantsita "antzuolar pila bat" dabilela alor horretan murgilduta, eskolatik harago baitoa Niganen eguneroko jarduna.

Udalak "orain" eman dio bultzada gai horri, Niganeko kideek "herri mailan forma emateko beharra" antzeman baitzuten. "Eskolan hori gertatu da, baina aurten proiektua Udalean onartu da; herri mailakoa da. Eskolan ez ezik, gurasoekin eta bestelako helduekin ere ari gara gaia lantzen, gai konkretuetan eta adin ezberdinetan", berretsi dute Matak eta Etxanizek.

Hiru urteko formakuntza eskaintzen dute Niganeko partaideek, progresiboa: hasierako tailerrak, sakontzekoak eta mantentzekoak. Baita ikastaro monografikoak ere, bi hilabetekoak, hala nola mindfulness praktika, autoerrukia, esker ona eta kontziente izatea lantzeko. Horiek guztiak gurasoei, nerabeei eta 65 urte baino gehiagoko herritarrei zuzenduak dira, xede nagusi batekin: "Barrura begiratzea, kanpora ateratzeko".

Garapen pertsonala lantzea, onura

Niganeko kideen hitzetan, hainbat dira garapen pertsona lantzearen onurak gizaki batentzat, "osotasunean bizitzeko" bide eman diezaiokeelako: "Pozean, bakean hasten zara bizitzen". Hala, hamaika onura zerrendatu dituzte. Puntuz puntu:

• Dispertsio mentala gutxitzen da.

• Ikasteko gaitasuna areagotzen da.

• Erabakitzeko gaitasuna garatzen da.

• Sormena eta berrikuntza bultzatzen ditu.

• Osasun fisiko eta psikologikoa hobetzen da, eta estresa eta sufrimendu mentala gutxitu.

• Bizitza gehiago gozatzen da.

• Asertibotasun handiagoz jokatzen dugu.

• Enpatia eta errukia areagotzen da.

• Geure burua hobeto ezagutzen dugu.

• Norberarekiko konfiantza areagotzen da.

• Osotasun baten parte izatearen esperientzia ahalbideratzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak