40. urteurrena ospatuko du Aiherra-Antzuolak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko api. 12a, 16:25

Udalak "harreman estua" du aihertarrekin, Olatz Lezeta alkatearen hitzetan, eta horren emaitza da biharko ospakizuna; gerora, gehiago egingo dira. Instituzioetatik harago, ordea, herritarren arteko harremana izan du hizpide; batik bat, gazteena.

40 urte bete ditu aurten Aiherra-Antzuola senidetzeak, eta bihar ospatuko dute bi herriek, egun osoko egitarauarekin.

Oiogorri filmaren aurkezpena izango da, lehenik, Torresoroan, 12:00etan: Pette Etxebarria zinemagileak ondu du Aiherran (Nafarroa Beherea) eta Antzuolan, Geuretik Sortuak dirulaguntzari esker; ondoren, senidetzearen 40 urteak batzen dituen argazki emanaldia egingo dute. 14:30ean, berriz, herri bazkaria izango da, eta Joxe Mendizabalen dantzaldiak emango dio jarraipena. Azkenik, 19:00etan, Itzal erromeria taldearen kontzertua egongo da, Zurrategin.

Nazio ikuspegia

Egitarau oparoa antolatu du, beraz, Udalak, baina Olatz Lezeta Antzuolako alkateak adierazi du ospakizunaz harago egunak baduela beste aldarririk ere; esaterako, Euskal Herria "zabala" dela aldarrikatzea: "Bi herri, nazio bakarra, ezta? Euskal Herriko bi herri txikiren arteko harremana da ospatzen dena, Euskal Herrian euskaraz bizi garen eta erlazionatu gaitezkeen bi herriren artekoa".

Udalak harreman "jarraitua" du aihertarrekin, "sekulako ekintzak" egin gabe bada ere, eta, hala, Lezetak espero du harremana urteurren honetatik harago luzaz mantentzea. Haren hitzetan, "osasuntsu" dago, baina gazteei dagokie testigua hartzea: "Nahiko jende nagusiak hartzen du parte, eta zaharkitu samar dago. Gauza gutxi egin daiteke harreman instituzional batekin, hor harremanak herritarren artekoa izan behar duelako; batik bat, gazteena".

Ekintza gehiago

Biharkoa, ordea, ez da urteurren honetako ekintza bakarra, aurtengo bigarren topaketa baitute bi herriek. Segura (Gipuzkoa) izan zuten lehen geltokia, Iparra-Hegoa jaialdia aprobetxatu baitzuten elkartzeko martxoan, eta Aiherra izango dute, berriz, hirugarrena, urriaren 19an. Bitartean, Lezetak herritarrak animatu ditu Antzuolan zein Aiherran antolatzen diren bestelako ekintzetan parte hartzera. "Ea asmatzen dugun 40 urtetik aurrera ere harremanarekin jarraitzen".

IMA BERISTAIN ARAMENDI: "ABERATSA DA SENIDETZEA"

Ima Beristain eta Juan Antonio Iturbe izan ziren senidetzearen lehen harriak jarri zituztenetako bi; urte "oso aberatsak" izan dituzte. Senidetzea mantentzeko "ahalegin asko" egin direla diote, eta, batzuek emaitzarik ez eman arren, ez dela "ez gazteen ez zaharren" errua. Herritarrak animatu dituzte Aiherra eta senidetzea ezagutzera.

JON MATA ETXANIZ: "GAZTEOK DUGU, AGIAN, TESTIGUA"

Gazte mugimenduko kide honen hitzetan, bi herrietako gazte "gutxi batzuen" artean harremana egon arren, "ez dago hedatuta" eta "hobetu" daiteke: "Orain, agian guri dagokigu testigua hartzea, baina gazteek eta gazteendako sortutako egitarau bat beharko litzateke; horrek funtzionatuko luke, eguna oso zaharkituta baitago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak