Harilkatzen ziharduten emakumeak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko mar. 11a, 09:03

1956an zabaldu zuten Hilaturas de Vergara; eskuinean, lanean zebiltzan emakume batzuk. Irudia: Bergarako artxiboa, Toribio Jauregi funtsa.

Hilaturas de Vergara ireki zenean, Antzuolako hainbat emakume lehen aldiz hasi ziren lanean lantoki batean; lan baldintzak "onak" ziren, baina baziren ezberdintasunak gizonenekiko. Ezkondutakoan, ordea, normalean, andreek ez zuten lanean jarraitzen.

"Bide okerretik joango ginelakoan-edo, Señorita Marik ez zuen nahi bere ikasle izan ginen neskak lantegian lanean hastea, mutilekin nahastuko ginelakoan, baina guk lanera joan nahi genuen". Bada, esan eta egin: Hi- laturas de Vergara lantokia –egun, Oerlikon Balzers dagoen lekua– ireki berritan, horrela egin zutenetako bi izan ziren Anastasi Gabilondo Arantzabal (Antzuola, 1942) eta Anparito Arregi Irastorza (Antzuola, 1942) herritarrak. Ez ziren, ordea, hautu hura egin zuten emakume bakarrak izan, dozenaka aritu baitziren haien eran jardunean lantokia itxi artean, orduko hartan andrazkoak horrelako eremu batean aritzea ohikoa ez bazen ere.

ANPARITO ARREGI IRASTORZA: "GIZONEK GEHIAGO KOBRATZEN ZUTEN; JARDUTEN GENUEN ESATEN EA ZERGATIK. IRAULTZAILEAK GINEN, E!"

1956ko abuztuaren 25ean, herriko jaiak ospatzen zebiltzanean, inauguratu zuten Hilaturas de Vergara lantokia, kotoia hari bihurtzeko, eta urte hartan hasi ziren lanean Gabilondo eta Arregi, 14 urte bete berritan. "Den-denok hartzen gintuzten lanerako, hala nola langabeak, adinduak eta baserritarrak, baina gehiengoa neskak ginen". Egin beharreko lanari zegokionez, adierazi dutenez, "lan batzuk gizakumearentzat" ziren, "batik bat, indarra behar zelako"; beste batzuk, aldiz, "emakumearentzat". "Eskuak finak behar ziren, hari finekin-eta ibili behar genuelako; beraz, andreon lana zegoen, batez ere, lantokiko ekoizpenaren atzean".

Baldintzak, ezberdin

Lantokietan lanean hasi ziren emakume antzuolarren lehen belaunaldia ez –Telleria eta Olaran lantokietan aritu ziren hainbat aurrez–, baina lehenengoetakoak izan ziren Hilaturaseko andreak. "Sekulako arrakasta izan zuen lehen egunetik. Baldintza onetan ibili ginen lanean, Gizarte Segurantza ere bagenuen, eta irabaziak ematen zizkiguten gutun-azal batean". Soldatari dagokionez, haiek biak hasi zirenean, 135 pezeta irabazten zituzten astero, baina ia hamar urte geroago zortziehun baino gehiago zirela zehaztu dute. "Irabazten genuen dirua etxerako zen, amarentzat, hura arduratzen baitzen diruaren kudeaketaz".

Arduradunak, senideak eta apaiza, irekieran. Irudia: Bergarako artxiboa, Toribio Jauregi fondoa.

Traje berde bat konbinatu horiarekin soinean eta zinta bat buruan –emakumeen kasuan–, hiru txandatan egiten zuten lan lantokian, astelehenetik zapatura: 06:00etatik 14:00etara, 14:00etatik 22:00etara eta 22:00etatik 06:00etara. Halere, gizonezkoek ez bezala, emakumezkoek ez zuten gaueko txandarik egiten.

Ez zen, ordea, gizonezkoen eta emakumezkoen artean zegoen ezberdintasun bakarra lan baldintzei dagokienez. "Soldatan ez zegoen diferentzia handirik, baina gehiago kobratzen zuten. Jarduten genuen esaten ea zergatik emakumeek gutxiago… Iraultzaileak ere baginen, e!". Izan ere, langileen delegatu bat zuten, "emakumea eta borrokatzailea", eta hark ziharduen beharginen eta arduradunen arteko bitartekari lanetan. "Eskatzen genituen soldata igoerak, ordutegi eta lan baldintza hobeak… Langile soil bat zen, baina sekulako etorria eta burua zuen. Lortzen genituen hobekuntzak".

ANASTASI GABILONDO ARANTZABAL: "EZKONDUTAKOAN LANA UZTEN GENUEN; HORI ZEN ORDUKO MENTALITATEA, ETA AURKA ERE EZ GENION EGITEN"

Ardura postuetan ere bazen ezberdintasuna, ez baitzegoen andrerik: "Bazkide guztiak gizonezkoak ziren, eta baita enkargatuak ere. Korridoreetatik pasatzen ziren noizean behin, salbuespenen bat salbu, kasurik egin gabe".

Ezkontzean, lanera ez

Emakumeetako askok, alabaina, ezkondu ondoren ez zuten lanean jarraitu, "orduko mentalitatea hori zelako". "Hemen oso gaizki zegoen ikusita lanean jarraitzea ezkonduz gero. Andreok etxean egon behar genuen, umeak zaintzen eta etxeko lanak egiten; hein batean, etxekoandreak izan behar genuen, perfektuak, josten ikasi behar zutenak eta sukaldeak onak izan behar zutenak". Adierazi dutenez, bizi pentsaera hark "lotu" egiten zituen "derrigorrean", horretaz ohartzen ez baziren ere: "Guk ez genuen pentsatu ere egiten lanean jarraitzea. Aurka ere ez genuen egiten. Orain bai, ordea: gaur egunetik atzera begiratuz gero, ohartzen gara beste zerbait egin genezakeela".

Ezkondu ondoren lanean ez jarraitzearen adibide da, esate baterako, 1978an ekainaren 3an Hilaturas de Vergara itxi zeneko langileen profila: 40 urtetik gorakoen artean, 25 langiletik sei ziren emakumeak; aldiz, 40 urte baino gutxiago zituztenen artean, 73tik 51. Beraz, hor da orduko errealitatearen isla, datuek eta kontakizunak bat egin baitezakete: emakumeak gazte aritzen ziren lantokian, ezkondu artean.

Algodoia fintzeko makinak, Hilaturasen. Irudia: Bergarako artxiboa, Toribio Jauregi funtsa.

Gabilondok eta Arregik ere lantokia utzi zuten, baina itxieraren aurretik. Gabilondoren kasuan, 1966an laga zuen, ezkontzear zela, baina seme-alabak handi egin zirenean irakasle hasi zen Antzuolako ikastolan, 42 urterekin; ondoren, oposizioak atera, eta Antzuola Herri Eskolan aritu zen lanean, erretiratu zen arte. Arregik, berriz, 1964an utzi zuen Hilaturas, baina ez ezkontzeko, baizik eta beste lan batean hasteko. Lau urte geroago ezkondu zen, eta harategi bat zabaldu zuen –Gabilondo Arregi dena egun–.

Herriarentzat "fabore"

Hilaturas de Vergara emakumeentzat ez ezik herritarrentzat ere "mirari bat" izan zela azpimarratu dute biek. "Antzuolara orduan iritsi zen ongizatea. Herria loratu egin zen, etxeak egin baitzituzten, komertzioak zabaldu, eta diru freskoa iristen baitzen astero-astero". Are gehiago, familientzat ere "ona" izan zela nabarmendu dute, denek etxean gelditzeko aukera izan zutelako, neska asko eta asko neskame joaten zirelako kanpora lanera lantoki hura eraiki aurretik.

Alabaina, fabrikaren itxieraren ondorioz, langileek indemnizazioa jaso arren, hainbat andrek ez zuten lantoki batera lanera itzultzeko aukerarik izan. Hurrengo belaunaldiek, ordea, aurreko emakumeek hasitako bideari jarraipena emateko aukera izan zuten; hein batean, garai eta pentsaera aldaketa probestuz, gurpila berriro ere martxan jarri zuten.

Larrugintzan ere emakumeak lanean



Larru ontzeari lotuta egon da urteetan zehar Antzuolako industria, XVIII. mendearen bukaeratik hasi eta 90eko hamarkadara arte. Epealdi hartan handia izan zen larrugintzaren aktibitatea, langile asko ez zeuden artean; alabaina, lanean zihardutenen artean, baziren emakumeak ere.

Tellerianeko guarnizerixia izan zen larrua ontzeko lantokirik handienetako bat Antzuolan, Olaranekin batera, eta dozenaka andre aritu ziren lanean; 36ko gerra garaian, asko eta asko. Larrua makinetan ebakitzen zuten gizonek, eta emakumeak josten aritzen ziren; esate baterako, kartutxo-zorroak eta uhalak egiten zituzten, soldaduek erabili zitzaten ondoren.

 Ez da orduan lanean aritutako testigu handirik egun, baina Ahotsak.eus proiektuan jardunaren berri ematen dute lau emakume antzuolarrek: Maria Igartzak, Josefa Iparragirrek, Basilisa Loitiak eta Angelita Telleriak.

(Irudia: Tellerianean aritutako emakume batzuk, 1936an)

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak