Orain dela zazpi urte, Andramanuelak talde feminista sortzean, Hilaturasen gertatutakoak beti egon izan dira presente gure artean. Beti iruditu izan zaigu istorio epiko bat; hezur-haragizko emakumeek sortutako istorio epiko bat, alegia. Istorio honek bestelako errelato batzuk deuseztatzen ditu; emakumeek lan produktiborik egin ez dutela, esaterako. Langile klaseko andreek beti egin izan baitute han edo hemen lan; eta baita etxean ere, noski. Gure herriko greba handienak ere emakume horiek egin zituzten. Eta soldata arrakalaz hitz egiten ez zenean, beraiek ondo baino hobeto ezagutzen zuten zer zen soldata arrakala; jakin baitzekiten beraien lantokiko gizon kapatazek dezente gehiago irabazten zutela.
Herri bakoitzak erabakitzen du sinbolikoki zerekin lotua izan nahi duen eta zer istorio epiko eraikiko duen sinbologia hori eraikitzeko. Guk ez dakigu emakume hauek Antzuolako sinbolo izatea nahiko duten. Ezta istorio epiko bat eraikitzea nahiko luketen ere beraien historiarekin.
Baina herri bezala zorretan gaude. 2018ko jaietan Zurrategiko estatua mozorrotu eta emakume hauei kantatu genien eran: "Zuentzat gure eskerrak, aitortza ta oroimena. Zuek izan baitzarete eredurik hoberena".
------
Oharra: Hilaturas de Vergara lantokian aritutako emakumeen inguruko erreportajea dela-eta, Onintza Legorburuk idatzia, Andramanuelak emakume taldearen izenean.