Zapatuan jokatuko dute Debagoieneko mendi lasterketen artean lehenengoa dena, Antzuolako 8 Miliak lasterketa. Eta iaz garaipena lortzeko borrokan protagonista izan ziren zenbait lasterkari izango dira bihar (10:30) Antzuolako plazako irteera puntuan. "Lasterketa nagusian pena da Ibai Larrea, azken urteetako irabazlea, ezingo dela lasterketan egon, beste konpromiso batzuk dituelako, baina, hala ere, maila handia egongo da. Gizonezkoetan, Iñigo Alzola eta Aitor Zunzunegi irteera puntuan egongo dira, eta nik uste dut lehia ona izango dutela", adierazi du antolaketa taldeko Julian Ramirez de Okarizek. Emakumezkoei dagokienez, iazko irabazle Mayi Mujika txapela defendatzera etorriko da. Berez, Mujikak kontrario gogor bat izan behar zuen, Malen Osa; izan ere, Salomon etxeko korrikalaria izena emanda dago, baina oñatiarrak GOIENAri aste barruan baieztatu dio azken orduko molestia batzuk tarteko atseden hartuko duela, badaezpada.
Puntako korrikalariak bezain garrantzitsuak dira, baina, herri mailako gainontzeko atletak, eta, guztira, 280 lagun batuko dira helduen lasterketan. "Aurten ere dortsalak segituan agortu dira; urtetik urtera geroz eta azkarrago saltzen ditugu. Datorren urtean ez dakigu jendeak iratzargailua jarrita egon beharko duen-edo, baina hori seinale ona da, gauzak ondo egiten ari garen seinale. Alde horretatik, oso gustura gaude". Hala, helduen lasterketarekin batera gazteena ere egingo dute, eta hor beste 35 lagunek eman dute izena; haiek 10:25ean abiatuko dira eta ibilbide laburragoa izango dute.
Ibilbidea txukuntzen
Lasterketak urteroko ibilbidea izango du –14 kilometro eta 736 metroko desnibel positiboa–. Hori bai, antolaketa taldeko lagunak tarte batzuk txukuntzen ibili dira. "Ez dago nobedaderik. Badugu jaitsiera zati baten, ba, tira... Ogeiturri inguruan arbolak-eta ateratzen ibili dira, eta bidea hondatu samar gelditu da. Ibili dira txukuntzen hondeatzeko makinarekin, eta nik uste dut horrekin eta azken asteetako ukituekin ondo gelditu dela". Hori bai, aurten ibilbidean zehar ez dute urdaiazpikorik gordeko. "Iaz, hamargarren urteurrenaren bueltan jarri genuen urdaiazpikoa, baina aurten ez dugu halakorik egingo. Hori bai, ibilbidean sorpresaren bat edo beste jarriko dugu agian gordeta, eta korrikalariak adi egotera animatzen ditugu", dio Ramirez de Okarizek.
Lantalde sendoarekin
Antolatzaileek ia dena dute gertu, Gorka Etxezarretak aitortu duenez. "Azkenengo ukituak falta zaizkigu, ibilbidea markatu eta sariak prestatu, baina gainontzekoa eginda dago. Urte dezente goaz honekin eta egin beharrekoak kontrolpean ditugu". Halakoetan, baina, ezinbestekoa da lantalde sendoa izatea. "Eta hor bi gauza nabarmenduko nituzke: batetik, uste dut inoiz baino boluntario gehiago aurkeztu direla, eta hori ondo etorri zaigu, bi lasterketa egonda beti eskatzen dugulako gehiago; eta, bestetik, enpresa laguntzaileen dirulaguntzak aurten ere inoiz baino handiagoak izan dira. Horrenbestez, horiei guztiei eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen, lasterketa hau antolatzeko ezinbestekoak direlako".
Aurrera begira, zalantzak
Iazko urteurren borobilaren ondoren, biharkoa hamaikagarren edizioa izango da, baina antolatzaileek ez dute garbi lasterketak berak ze etorkizun izango duen. Izan ere, Irimon jarri nahi duten parkeak eragina izango duela uste dute. "Orain dela urtebete inguru hasi ginen entzuten Irimo inguruan parke eoliko bat egitekoak zirela, eta aurreko abenduaren 15ean aurkeztu zuten zentral eoliko bat egiteko proiektua, bi haize-sorgailu izango lituzkeena... Eta horrek gure lasterketan eragin zuzena izango du. Ez soilik haize-sorgailuek izango duten inpaktuarengatik, baizik eta hara material guztia eramateko egingo dituzten pistek eta haize-sorgailuak kokatzeko beharrezkoak diren plataformek txikizio handia eragingo dutelako. Bada, herrian badago talde bat proiektu horren kontra lanean dabilena, eta A8M-ko antolatzaileon babes osoa dute".