Zazpi hilabete pasa dira maiatzeko udal hauteskundeen ostean udalbatza berriak lanean hasi zirenetik. Herriari neurria hartzen hasiak dira udal ordezkariak, eta esku artean dituzte hainbat proiektu. Horiei buruz berba egiten egon zen Goiena telebistako Harira saioan Olatz Lezeta alkatea, urtarrilaren 30ean. "Denbora azkar doa, baina gauza mordoa ikasi ditugu zazpi hilabete hauetan. Gogorrak ere izan dira. Errekan bost ordu egiten ditut eta alkate moduan beste hiru; baina ez dira hiru izaten inoiz. Etxean ere rolak aldatu behar izan ditugu, eta horretara ohitu behar izan dugu guztiok. Hala ere, bagoaz aurrera, eta agintaldi emankorra izan dadin lan egingo dugu. Talde polita daukagu eta gogotsu dihardugu", esan zuen.
Errekalde auzoko lanak
Errekalde auzoko urbanizazio lanak aurreko urtetik datorren proiektua da. Espero baino bi aste lehenago bukatuko dituzte, gainera. Auzoa asfaltatu eta txukundu, espaloia berritu, zuhaitz batzuk kendu eta sarrera-irteera hobetu dituzte han. "Lazaretoa kendu egin da eta haren parean zegoen %10eko aldapa lautu egin da, Gainera, baserrietara ura bideratzeko hodia lurperatu egin dute. Ostean, proiektu horri heltzen diogunean, errepidea berriro apurtzeko beharrik ez izateko. Uste dugu espaloi berriarekin auzoa erdi- gunera gerturatuko dela, hein handi batean. Gainera, azpimarratu gurako nuke auzotarrek izan duten jarrera positiboa; halako lanek beti sortzen dituzte trabak eta ez dira ezertaz kexatu", azaldu zuen alkateak.
Eguzki panelak
Aurreko agintaldian ezezkoa eman zion Udalak Trekutz Parke Eolikoari. Orain, Urretxuko Udalarekin batera alegazioak aurkeztu ditu. "Akats mordoa ditu proiektuak. Gipuzkoan kilowatt bat baino gutxiagoko errotak ipini behar dira, eta proiektuak ez du hori betetzen. Gainera, Irimo dentsitate baxuko haizegunea da. Errotek behar dutenaren haize erdia dago han. Kudeaketa ez da ona izan. Gu ez gaude eolikoen kontra; proiektu horren kontra gaude".
Hala, Antzuolako Udalak beste aukera batzuen alde egin du."Teknaliak egin du proiektu bat herriko teilatuetan eguzki panelak ipintzeko bideragarritasuna ikusteko. Hortik hasita, ikusi beharko dugu zer gehiago egin dezakegun. Argi daukagu kontsumoa jaitsi egin behar dela, eta, horretarako, berriztagarriak beharko ditugu. Herrian eolikoak bideragarriak diren ikusi beharko da, eta, hala bada, non ipini behar diren. Energia sortu behar badugu, herriarendako izan dadila; eta ez beste edonora eramateko".
Batzorde berriak
Udal antolaketa egiteko orduan bi batzorde berri sortu zituzten agintaldi berrirako: Ingurumen eta Euskara batzordeak, hain justu ere. Lehenengoan, baserritarrekin zerikusi duten gaiei eman gura izan diete presentzia. Energia berriztagarriak, basoen kudeaketa, baserrietara ura eramateko proiektuak eta beste lantzen dituzte.
Euskara batzordearen erronka ez da makala: "Euskararen arnasgune izatetik erdara piloa
entzutera pasa gara herrian. Geroz eta gehiago egiten da erdaraz. Lanerako gogoz gaude Euskara batzordean. Badugu zer hobetu, eta, bide horretan, asko eskertzen dugu Uemaren laguntza. Kontzientziazio lana egin nahi dugu, eta Korrika izan daiteke aukera ona. Hiru kilometro egingo ditu gurean, eta daukagun indarra erakutsi beharko dugu". Era berean, batzorde guztiak irekiak direla gogorarazi zuen, eta herritarrak gonbidatu zituen horietan parte hartzera.
Argiteria aldatu
Inbertsioen artean lehentasuna ez bada ere, zenbateko handiena jaso du dirutan herriko argiteria hobetzeko asmoak. 310.000 euro bideratuko dituzte, eta LED argiak jartzea aurreikusten dute, herriko kontsumoa %70 jaisteko. "Sei urtean amortizatuko genuke. Inbertsio handiena da, baina sei urte ez dira horrenbeste. Gainera, Antzuolak dituen eguzki panelek sortzen dutena baino gutxiago gastatuko genuke LED argiekin". Horretarako, Europako Next Generation dirulaguntzetatik 121.000 euro jasoko dira.
Aurtengo inbertsio handiena Kalebarrengo urak desbideratzera bideratuko dute: 88.000
euro. Urak gainezka egiten duenean hango komertzioek izan ohi dituzten arazoak ekidingo lirateke. "Gabilondo harategiaren parean hodi handitik txikira pasatzen da ura, eta ez dauka edukiera handirik. Proiektuaren xedea da Eztalatik datozen urak Altzarte aldera bideratzea. Autobidea egin aurretik zegoen moduan utziko genuke".
Altzeta eta Loixeta baserrietara ur edangarria eramatekoproiektua ere inbertsioen artean
dago, gaur-gaurkoz ez dutelako halakorik.
Bidegorria, noizko?
Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak Goiena telebistan esan zuen Antzuola eta Bergara lotuko dituen bidegorri zatia aurten egingo dutela. Horren gainean ere eman zuen iritzia Lezeta alkateak: "Hark esaten badu, hala izango da. Guk, oraingoz, ez dakigu ezer epeei buruz, baina ederra litzateke aurten izatea. Dena den, lotsagarria da Antzuola izatea eskualdeko lehen herria kolektorea egiten eta oraindik ere, gaur egun, honda- kinak ibaira joatea. Ez da bidezkoa".
Eskolako patioa
Gauzatzeko data duen proiektua eskolako patioa inklusiboa izateko proiektua da. Martxoaren 31rako amaituta egon behar du. "47.000 euroko dirulaguntza jasoko dugu, eta horrek markatzen du amaiera-data. Eskolako umeek dihardute proiektua lantzen,
patioa irisgarriagoa izan dadin", adierazi zuen.
Erronka handiak
Hiru urte eta erdi geratzen zaizkio agintaldiari, eta hainbat erronka dituzte aurretik udal
arduradunek. Alokairu soziala bultzatu, mugikortasuna hobetu, euskararen erabilera hobetzeko ekintzak, energia berriztagarriak... dira horietako batzuk. "Horiez gain, egunerokoan sortzen direnei ere egingo beharko diegu aurre".