3.000 sinadura Trekutz parke eolikoaren aurka

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko ots. 1a, 15:19

Meaka-Irimo herri plataformak bildu ditu alegazioak, eta, esate baterako, gogoan izan dituzte Irimoko iturburuak; Udalak, berriz, alegazio teknikoak landu ditu, Ingeotyx-ekin batera. Nolanahi ere, biek argi dute energiaren auziaz hausnartu beharra dagoela.

Trekutz parke eolikoari aurre egiteko, herritarren 3.000 sinadura bildu ditu alegazioetan Meaka-Irimo herri plataformak, proiektuak "sekulako txikizioa" egingo duela nabarmenduta. "Kontu bat da bi aerosorgailu jartzea, eta beste bat da euren muntatzeak izango duen eragina", adierazi du Fernando Iturbe Meaka-Irimo herri plataformako kideak.

Haren hitzetan, batetik, inguruetan dauden pistak handitu egin beharko lituzkete parkea egiteko, baina, bestetik, baita berriak egin ere; esate baterako, Trekutzetik Meakarainokoa eta handik Irimorainokoa. Ez hori soilik, ordea. "Hor da ura ere; Irimo ingurua akuifero handi bat da, eta handik hartzen dute ura Basalde auzoko hamazazpi baserrik". Are gehiago, erantsi du ur gehiago dagoela barrunbe haietan, eta hainbat iturburu handik asetzen direla. "Horrelako obra batek sekulako arriskua du, ur haietan eragin baitezake".

Horrez gain, Iturbek azaldu du mendizaletasunean "erreferentziala" dela Irimo, eta alegazioetan jaso dutela; baita proiektuak faunan, floran eta gizakiengan izan dezakeen eragina ere. Era berean, erantsi du Cilda Energy SLU enpresaren helburua ez dela "herritarren behar energetikoak asetzea", baizik eta "negozioa egitea", eta, beraz, "etekin handirik izango ez duen beste proiektu handi bat" dela: "AHTa, autobidea, autobide elektrikoa... Herria txikia izanda, dena igarotzen da hemendik; orain, badirudi eolikoak ere guk tragatu behar ditugula".

Elkarlanean dabiltza

Plataforma "anitza" da, herritarrez osatua, eta Iturbek zehaztu du egungo xedea Irimon eolikorik ez egitea bada ere, elkartzen jarraitzeko asmoa dutela. "Energiaren inguruko eztabaida sustatu nahi dugu; energia krisia oso indartsua izango da, eta hausnartu egin behar da. Ez da bakarrik proiektu honi ezetz esatea, baita alternatibak lantzea ere".

Egin duten lanean, ordea, ez dira bakarrik aritu, lagun izan baitituzte Urretxuko (Gipuzkoa), Azkoitiko (Gipuzkoa) eta inguruetako herritarrak, eta eskerrak eman dizkie.

Udalak, alegazio teknikoak

Plataformaren parte da Antzuolako Udala ere, baina, batik bat, alegazio teknikoaz jartzeaz arduratu da, Ingeotyx enpresarekin; hain justu, kide dira Valentin Ibarra eta Javier Aldai geologoak. "Argi dugu Irimon ez dugula haize-errotarik nahi. Herriak ez du inongo hitzik izan, eta enpresak etekin ekonomikoa besterik ez du buruan, berriztagarriak negoziotzat hartuta", azaldu du Olatz Lezeta Antzuolako alkateak, argi duen arren "energia berriztagarriak behar badira, etorri" beharko dutela.

Hain zuzen, alegazio teknikoen artean da, adibidez, Gipuzkoako araubidearen usteko urraketa bat. "Diputazioak haize-errotaren potentzia maximoa megawatt batekoa izatea onartzen du, eta horrek bost ditu", adierazi du Lezetak, Gipuzkoa Klima 2050 egitasmoa gogoan izanda. Horrez gain, aipatu du Irimo inguruan ez dagoela haize-errota horiek beharko luketen adina haize, "erdia" baizik.

Datozen urratsak

Udalak erregistratuko ditu alegazioak Gipuzkoako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzan egunotan. "Enpresari pasatuko dizkiote, eta, nahi izanez gero, erantzuteko aukera du; hala bada, Udalak hamabost egun izango ditu berriro ere alegatzeko, baina [Eusko Jaurlaritzako] Ingurumen Sailak esango du proiektua onartzen duen edo ez", azpimarratu du Lezetak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak