3.589.972 euroko udal aurrekontua onartu dute Antzuolan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urt. 29a, 15:00

715.000 euro aurreikusten dituzte inbertsioetarako, eta Kalebarrenera doazen urak desbideratzea da lehentasunetako bat, Lezetaren arabera. Horrez gain, baita Altzeta eta Loixeta baserrietara ur edangarria eramateko proiektua gauzatzea ere.

3.589.972,8 euroko udal aurrekontua onartu dute Antzuolan, iaz baino 497.674,88 euro gehiago –alegia, %16,09– handiagoa, eta Gipuzkoako Foru Funtsetatik lortutakoa da kopuruaren zati handi bat; zehazki, 1.812.631 euro, aurrekontu osoaren %50,49.

Pasa den eguenean, hilaren 25ean, egin zuten aurrekontuak onartzeko osoko bilkura, eta EH Bilduren aldeko zazpi botorekin onartu zituzten, jeltzaleek ezezkoa eman baitzioten proposamenari. "Uste dugu ez daudela ondo estrukturatuta, ez daudela errealitatera moldatura; gure ustez, beste aurrekontu batzuk hobeak egin daitezke. Gainera, aurrekontu honetan ez da ikusten udaletxe honek hartu gura duen norabidea", azaldu du Josu Xabier Aranguren EAJko bozeramaileak. Haren arabera, ekarpen ugari zituzten egiteko, hala nola etxebizitzan, integrazioan eta ondarean, baina aurrekontuen zirriborroa jasotzean ez dute horretarako aukerarik ikusi: "Proposatu diegu hutsetik hasi eta berriro egin beharko liratekeela, eta horretarako gure lankidetza izango zutela". Alabaina, ezezkoa jaso dute jeltzaleek. "Hasiera batean egin zitzaien deia ea gobernuan parte hartu nahi zuten; eurek esan zuten oposizioa egingo zutela, eta horrela izan da. Aurrez bidali zitzaien aurrekontuak, eta egin dituzte ekarpenak , batik bat ekonomikoak, baina orain berandu datoz; hurrengorako, kontuan izango dugu".

Lehentasunezko inbertsioak

Udal Gobernuaren aurrekontuei dagokienez, 715.000 euro zehaztu dituzte inbertsioetarako; hain justu, aurrekontu osoaren %21,6, baina Lezetak nabarmendu du "guztiak gauzatuko dituzten arren" bitan jarri dutela lehentasuna: Kalebarrengo uren desbideratzea eta Altzeta eta Loixeta baserrietako uraren fasea.

IAZKOA BAINO %16,09 HANDIAGOA DA EGIN DUEN PROPOSAMENA; ERDIA FORU FUNTSETATIK DATOR

Kalebarrengo uren desbideratzeari dagokionez, 88.000 euroko inbertsioa egitea aurreikusten du Udal Gobernuak, euriteekin-eta sortzen diren arazoak saihesteko. "A-636 errepidea egin baino lehenago, urak bere bidea egiten zuen alde banatatik: batetik, Altzarteko hoditik bideratzen zen ibairaino; bestetik, Kalebarrenen dagoenetik". Alabaina, Lezetak zehaztu du obrak egiterakoan Kalebarrengo hodira bideratu zirela ur guztiak, eta, ondorioz, urak gainezka egin ohi duela eta inguruetako komertzioetan-eta arazoak sortzen direla. "Bada, orain, Sagastitik Aiherrara doan bidetik bideratuko dugu ura, aparkalekuetatik; lehen bezala, Altzarteko hodira joango da ura".

Horrez gain, alkateak azpimarratu du lehentasuna izango duela Altzeta eta Loixeta baserrietara ur edangarria eramateko proiektuak ere, ez dutelako horretarako hornidurarik, gaur-gaurkoz. 17.000 euroko diru-partida proposatu dute.

Argiteria eta kioskoa

Inbertsioen artean lehentasuna ez bada ere, zenbateko handiena jaso du dirutan herriko argiteria hobetzeko asmoak. 310.000 euro zehaztu dituzte, eta LED argiak jartzea aurreikusten dute, herriko kontsumoa %70 jaisteko. Horretarako, gainera, Lezetak adierazi du Europako Next Generation dirulaguntzetatik 121.000 euro jasoko dituztela.

Zurrategiko kioskoa ere moldatu nahi dute. Udal Gobernuak esku artean du dagoeneko proiektua, eta espazioaren erabilgarritasuna hobetzea dute xede: barandak jarri eta kentzeko aukera izango du, eta baita alboetan toldoak instalatzekoa ere. Are gehiago, eskailerak pixka bat zabaldu, eta jarri eta kendu daitekeen plataforma bat egin daiteke. Horretarako, 60.000 euro proposatu dituzte.

HERRIKO ARGITERIA ALDATZEKO 310.000 EURO AURREIKUSI DIRA; INBERTSIORIK HANDIENA DA

Eskolako patioa eta Torresoroa

Antzuolako Herri Eskolan ere lanak egin nahi dituzte, barruko patioa "inklusibo" bihurtzeko, 47.000 euroren truke. Epeei dagokienez, gainera, martxoaren 31 baino lehenago gauzatu behar dira lanak, dirulaguntza bat jaso ahal izateko. Eskolaren alboan, berriz, Torresoroan, teilatua konponduko dute, itoginak-eta egon ohi direlako, 40.000 euroko aurreikuspenarekin.

Beste proiektu batzuk

30.000 euroko diru-partida proposatuta, herriko lurrak erostea ere inbertsioen artean du Udal Gobernuak, batez ere, bertako basoen alde egiteko.

Zirkulazio arauak kontrolatzeko, berriz, Kalebarrenen kamerak jarri nahi dituzte, 25.000 euroko aurrekontuarekin; zehaztutako ordutegietatik kanpo dabiltzan autoei, beraz, argazkiak aterako dizkie.

Udal eraikinetako sarraila sistema ere aldatu nahi dute, 22.000 eurotan.

Azkenik, hainbat proiektu eta plan landu asmo dituzte, 76.000 eurotan: HAPO, Azaldegietako bidea, udaletxeko eraikina berritzea, Eztalako belarra aldatzea eta komunikazioa hobetzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak