Antzuolako Herri Eskolak jaso du Gehiago Gara ekimenaren aitortza

Julen Murua Mesonero 2023ko abe. 22a, 12:31

"Hainbat urtean doluaren eta heriotzaren pedagogia lantzeagatik" egin diote aitortza Antzuolako Herri Eskolari. Gehiago Gara ekimenaren prentsaurreko-aurkezpenean jaso zuten aitortza eta oroigarria, beste sei erakunderekin batera.

Antzuolako Herri Eskolak Gehiago Gara aitortza jaso du Hil Argi eta Bizipoza elkarteek martxan jarri duten ekimenaren pean. Gehiago Gara ekimenak haurren heriotza eta heriotza haurrekin naturaltasunez eta gizatasunez bizi izatea eta inguru gehienetan egoten den isiltasuna eta ezintasuna bistaraztea eta eraldatzea du helburu, eta 80ko hamarkadatik horren gainean lanean aritzeagatik jaso du Antzuolako Herri Eskolak oroigarria, "hainbat urtean doluaren eta heriotzaren pedagogia lantzeagatik".

Donostiako Cristina Enea Fundazioan egin zuten ekimenaren prentsaurreko-aurkezpena, eta bertan, "ekimenaren manifestua" publiko egin zuten. Ondoren, hauek izan ziren aitortza jaso zuten erakundeak, "beraiek alor horretan egiten duten lanagatik eta erakusten duten jarreragatik": Antzuolako Herri Eskola, Gurutzetako Pediatriako Etxeko Ospitalizazioko Unitatea, Bilbo-Basurtuko ESIko jaiotza-dolurako lan-taldea, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Oiartzungo Udalak antolatutako Atsolorra Jaia, Tolosako haur liburutegia eta Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatea (EHU).

Hilerriaren proiektua

Badaramatzate dagoeneko lau hamarkada baino gehiago heriotzaren gaia jorratzen Antzuolako Herri Eskolan, eta urte horietan guztietan hainbat proiektu sortu dituzte gaia jorratzeko. Azkenengo proiektu gisa, etorkizuneko hilerriaren inguruan gogoetatzeko prozesua abiatu zuten maiatzean, Hil Arte Bizi egitasmoarekin eta Antzuolako Udalarekin batera. 4 urteko gelako haurrekin hasi ziren lanean; bizitzaren sorreratik abiatu, eta haurdunaldia ere landu zuten. Tartean, Antzuolako hilerria bisitatu zuten, eta baita etorkizunekoa irudikatu ere, nolakoa nahiko luketen marraztuta.

Pozik, harro eta eskertuta

Antzuolako Herri Eskolan jaso duten aitortza urteetan zehar egiten ari diren lanaren erakusle da, eta, horrez gain, Silvia Ezpeleta eskolako zuzendariak dio "heriotzaren inguruko gaiari behar duen tokia ematea eta egunerokotasunean naturaltasunez eta gizatasunez tratatzea" eragiten duela, eta, beraz "pozez, harrotasunez eta, batez ere, esker onez" jaso dutela aitortza.

Hamarkadaz hamarkada lanean

80ko hamarkadaz geroztik jorratzen dute gai hori Antzuolan, "heriotza desberdinen gertakariek" eraginda. Ordutik gaur egun arte, hainbat heriotza gertatu dira eskolan, eta Ezpeletak dio "kasu bakoitzari erantzuna emateko konpromisoa eta erantzukizuna" izan zutela eta izaten jarraitzen dutela. Eskolako zuzendariak gaineratu du ez dagoela itxaron beharrik "haurren inguruan heriotza bat gertatu arte", egunerokotasunean landu daitekeen zerbait baita: "Egunerokotasunak aukera ematen digu heriotzari buruz lanketa eta hausnarketa egiteko. Emozio eta sentimenduen lanketa naturak eskaintzen digun edozein elementuk balio du".

Gizartean tabu

Duela lau hamarkada inguru hasi baziren ere, gaur egun ere jarraitzen dute Antzuolako Herri Eskolan heriotzaren gaia gizarteratzen; izan ere, bertan pentsatzen dute "jaiotza eta heriotza eskutik helduta" doazela eta "edozein momentutan edozeini edozein adinetan" gerta dakiokeela. Horren harira, eskolan uste dute heriotza bizitzan horren presente dagoen kontu bat izanda "oso gutxi hitz egiten" dela haren inguruan eta kosta egiten dela "norbere bizipenak edota gehien maite dugun pertsonaren heriotzaz hitz egitea"; labur esanda, "tabua" dela.

Heriotza gaur egun

Heriotza bizitzeko modua denboraren poderioz aldatu egin dela diote Antzuolako Herri Eskolan, eta eskola bera errealitate horretara egokitu dela ere aitortzen dute: "Eskola ez dago errealitate honetatik aparte. Izan ere, honetaz hitz egiteko eta hausnartzeko gune bilakatzen da eskola. Hezkuntza integrala bilakatzeko eskubidea dute haurrek, ikaslea osotasunean garatzeko, alderdi intelektuala, fisikoa, afektibo-emozionala garatzeko".

Hori dela eta, Ezpeletak dio eskoletan gero eta gehiago hitz egiten dela "heriotzari, jatorri askotariko minei eta mota askotariko galerei buruz", baina, hala ere, "kosta egiten den gaia" dela eta kasu askotan irakasleak ez daudela gai horiek jorratzeko "behar beste gaituta". Gertatzen da errealitate hori ezkutatu nahi izatea, eta, horren harira, zuzendariak gaia gizarteratzearen alde egiten du: "Errealitate hauek ezkutatzen ditugun momentutik, bizitza bera kontzienteago eta gizatiarrago bihurtzeko aukera ukatzen ari gara haur eta gazteei. Horrela, galderak, kezkak eta beldurrak adierazteko eta lantzeko ateak ixten ari gara beraiei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak