Bergarako Musika Eskolaren eta Antzuolako Udalaren arteko hitzarmen bat da proiektuaren abiapuntua, Giralek azaldu duenez. Haren arabera, aurreko aldi batzuetan ere musika eskola saiatu izan da txaranga martxan jartzen, baina gaur arte ez da posible izan. "Animatu dira, eta lortu dugu esperimentu antzeko bat, behintzat, egitea. Probatu egingo dugu. Ea nola doazen lehen entseguak, zenbat jende agertzen den…". Udalak deialdi ireki bat egin baitzuen txarangan parte hartzeko, baina batik bat haize- eta perkusio-instrumentuak jotzen dituztenentzat.
Izan ere, txarangaren formatua eta instrumentuak "oinarrizkoak" izango direla adierazi du zuzendariak: "Dunbala, kaxa, txindatak, tronpetak, tronboiak, saxofoiak… baita tuba ere, momentu honetan ez dugun arren". Hain justu, azken bizpahiru entseguetan lauzpabost saxofoi, tronboi bat, tronpeta bat eta dunbal-jole bat batu dira, eta Giral ere txarangaren parte izango da, tronboiarekin.
Lehenbizi, kalejirak
Lehen entseguetan kalejirak jotzen hasi dira, oinarrizkoak baitira era honetako taldeetan. "Kaletik zehar ibiltzeko, atril txikiarekin partitura jarrita, leku batetik bestera joateko…", kontatu du Giralek. Eta, hain justu, hori bera dute helburu parte hartzaileetako batzuek ere. Aratz Aranburu eta Paul Garitano, esate baterako, duela bi urtez geroztik, saxofoi joleak dira, eta kantuak ikasi ostean, txarangarekin kaleak alaitu nahiko lituzkete jaietan. Are gehiago, baita Beñat Legorburu saxofonistak ere. "Sei urte daramatzat instrumentu honekin, eta pixkanaka praktikatuz iritsi nahiz honaino. Entsegu batera etorri naiz, eta oso ondo pasatu dut. Gozatu egin dugu".
Egin nahiak
Txarangak ez du helbururik jarri, lehen asmoa egunerokoan nola funtzionatzen duen ikustea baita, Giralen arabera. Hala ere, nabarmendu du "bide onean" joanez gero, herriko jaietan "txaranga sendo bat izatea perfektua" litzatekeela. Alabaina, oraindik bidea dute egiteko, eta bada parte hartzeko aukera ere. "Jotzeko gogoa duenak probatu dezala; ez bada gustukoa, libre da joateko".