Meaka-Irimo herri plataforma sortu dute Antzuolan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko aza. 14a, 15:25

Trekutz parke eolikoari aurre egiteko asmoz, Meaka-Irimo herri plataforma sortu dute zenbait herritarrek Antzuolan. Urriaren 30ean Antzuolako Udalak Capital Energy enpresak dituen asmoen berri eman ondoren, hartu zuten taldea sortzeko erabakia eta hilaren 6an hamabost bat herritar elkartu ziren bakoitzak dituen asmoen berri eman eta komunean jartzeko.

Gaiaz gehiago jakiteko Aitziber Sarobe biologoa eta natura kontserbazionistaren hitzaldia antolatu zuten martitzenean eta ekitaldiaren amaierako zatian plataformak euren asmoei buruz hitz egin zuen: "2002an dekretu bat egin zuten izapidetze-prozesura egin zuten, eta orduan udaletxetik jarduera-lizentzia bezala joan beharrean, industria-baimen bezala dator; eta horren barruan, ingurumen-eragina. Hori da guk gehien landu behar duguna".

Mugak, erronkak, zailtasunak

40 herritar elkartu ziren Saroberen trantsizio energetikoaren mugak, erronkak eta zailtasunak hitzaldian. Administrazioak bere lurralde plan sektorialaren bidez eman nahi dion aterabideekiko hausnarketa egitea zuen helburu hitzaldiak: "Natur kontserbazioan gabiltzanon ustez, planteatzen zaigun eredua, landa eremuan modu intentsiboan energia ekoizteko planteamendua ez da egokia; besteak beste, krisi energetikoari biodibertsitatearen krisia gehituko zaiolako. Krisi batetik beste batekin ezin da atera. Hausnarketa merezi du, jatorrizko arazoari garrantzia kendu barik". 

Era berean gehitu du badirela beste modu batzuk "ez hain intentsiboak" direnak eta tokian tokiko planteatu daitezkeen ereduak. "Eredu horietatik eta artifizializatutako lehendik zoru bihurtutako eremuetatik hasi beharko genuke. Ez dela nahikoa izango? Ziurrenik ez, baina has gaitezen hortik eta irabazi dezagun denbora, besteak beste, dugun arazoaz jabetzeko", dio.

Hurrengo batzar irekia

Meaka-Irimo herri plataformak azaroaren 20an egingo du hurrengo batzar irekia Olaranen 18:30ean. Batzarrean parte hartzeko deia egin zieten herritarrei: "Alegazioen bidea lantzen eta proiektuari eman beharreko erantzunak pentsatzen joango gara". Bestalde, hilaren 29rako EHUko Ingenieritza Energetiko saileko irakasle Alvaro Camposen hitzaldia antolatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak