Ekain Larrea: "Lesioa atzean utzita, Bergaran irabaztea ederra izan da"

Xabier Urtzelai 2023ko aza. 10a, 19:00

Ekain Larrea, zapatuan, Bergarako kaleetan aurretik zihoan Aitor Mimentza harrapatzeko zorian. Argazkia: Markel Bazanbide / Antxintxika

Urte eta erdi pasatxoan geldirik egon eta gero, Goierri Garaia taldeko atletak Antxintxika lasterketa irabazi zuen zapatuan. Asfaltotik krosetara pasako da segituan.

Ekain Larrea (Antzuola, 2002) atletismoarekin gozatzen dabil berriro. Belaunetako lesioak tarteko, korrika egiteko zapatilak baztertuta izan ditu urte eta zortzi hilabetean, eta udan bueltatu da poliki-poliki entrenamenduetara. Horrenbeste denboran geldirik egoteak sortzen dituen zalantzak uxatu zituen zapatuan; bistan da ez duela abiadura galdu. Kilometroa 2.57ra egin zuen –hamar kilometro– eta 29.31n geratu zuen erlojua, azken metroetan ihes eginda zihoan Aitor Mimentza harrapatuta [Ikus lasterketaren laburpena, hemen].

Zapatuan ondo neurtu zenituen indarrak, Mimentzak aurrera egin zuenean ez zinen itsutu.

Erraz berotzen den horietakoa naiz, baina zapatuan segituan konturatu nintzen Aitor Mimentzaren erritmoan ezin nituela 10 kilometro egin. Mimentzak hasieratik jo zuen erasoa, oso erritmo altuan, eta atzean lauzpabost laguneko taldea osatu genuen. Une batean Endika Donnayk eta biok aurrera egin genuen eta Bergarara iristen konturatu nintzen erritmoa aldatzen ez banuen ez nuela Mimentza harrapatuko. Zorionez azken kilometrora indarrez iritsi nintzen.

Lasterketa hau egindakoa zinen?

Bai, pare bat ediziotan egondakoa naiz; esango nuke duela bizpahiru urtez egin nuela azkenekoz Antxintxika lasterketa.

Begiz jota zeneukan, ala ez zenuen uste horren aurrean ibiliko zinenik?

Hilabete hauetan ikusten nuen belaunek ondo erantzuten zutela. Hala, lasterketa ondo prestatu ahal izan dut, baina halakoetan ez dago jakiterik non egongo zaren. Baina bai, lasterketa honek motibatu egiten ninduen; begiz jota neukan.

Etxe ondoan irabaztea beti da berezia...

Ederra izan da Bergaran irabaztea, jende ezagunaren aurrean. Buruan daukazun guztia betetzen denean, ez dago gauza handiagorik. Entrenatu ere horretarako entrenatzen gara, gero lasterketetan gozatu ahal izateko. Ez dago etxe ondoan besoak altxatzea modukorik.

Urte eta erdi pasatxo egin duzu geldirik; luzea egingo zitzaizun.

Bai, 2021eko urtarrilean Elgoibarko krosa egin ondoren hartu nuen belaun batean min, eta pare bat hilabetera beste belaunean hasi nintzen arazoekin. Geldi zaudenean badirudi ez duzula lesioa inoiz gaindituko eta ezingo duzula lehen zeneukan maila errekuperatu. Zorionez, ez da horrela izan.

Bestelako atsekaberik ere izan duzu atletismoan...

Bai, 2020an Thailandiako Munduko Txapelketarako sailkatu nintzen, baina pandemiagatik txapelketa urtebetez atzeratu zuten. Eta, urtebetera, gu jada nagusiegiak ginen kategoria horretan parte hartzeko. Hala, beste batzuk joan ziren gure ordez. Egia esan, pena hartu nuen. Baina, hori baino okerragoa izan da horrenbeste denboran min hartuta egotea.

Atletismoarekin gozatzera bueltatu zaren honetan, ze asmo negurako?

Kros denboraldian murgilduko gara aurki. Pare bat aste barru Sorian izango naiz kluben arteko Espainiako Txapelketan, eta udazkenean lasterketak pilatzen joango gara neguan sasoian egoteko. Horrekin batera ea pista estalian ere marka txukunen bat lortzeko kapaz garen [1.500 metrotan 3.54ko marka dauka, eta 3.000 metrotan 8.21ekoa].

Anaia bikiarekin –Ibai Larrea– batera hasi zinen korrika, baina hura mendian ibiltzen da gustura.

Bai, baina ni pistan ere gustura ibiltzen naiz, marken eta halakoen atzetik. Mendiko lasterketak ere egin izan ditut, eta etorkizunean ere egingo ditut gehiago, baina Zumarragan gustura ibiltzen naiz entrenatzen.

Ze ezaugarri dituzue anaiak eta biok? Ezberdinak zarete?

Bai, ezberdinak gara. Distantzia motzetan nik abiadura handiagoa daukat, baina anaia ni baino gogorragoa da. Mendi lasterketetan zaildu da; aldapa gora egiteko, lokatzetan ibiltzeko... Nik baino indar handiagoa dauka. Eta gero, nik baino buru hobea du, lasterketetan hobeto neurtzen ditu indarrak, hotzagoa da.

Hori gertatu zitzaizun, esaterako, Ikazkin Trailen? Otala-Zelain lehertuta ikusi zintugun...

[Barreak] Lasterketa luze geratu zitzaidan, zalantza barik. Entrenamenduetara bueltatuta kilometroak pilatzen nenbilen, eta Aretxabaletako lasterketak ibilbide ederra duenez animatu egin nintzen. Nire kabuz ere eginda neukan ibilbidea, baina lasterketa egunean aurrekoen erritmoan joan nintzen hasieratik, eta... Lehen ere esan dut lasterketetan berotu egiten naizela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak