81 urte betetzear dituen arren, oroimenean ondo iltzatuta ditu garai zaharragoetako oroitzapenak Anparito Arregi Irastorzak (Bergara, 1942). 1936ko gerraren ostean jaio zen, eta bete-betean bizi izan zuen frankismoko diktadura garaia. Herriko aldaketen testigu izan da, belaunaldi gazteagoek ezagutzen ez dituzten gertaeren eta ohituren lekuko. Argi du hori kontatu ezean ahanzturan, galduta, gelditu daitekeela. Bada, bizi izandakoa azaldu du.
Bizimodu "normala"
Frankistak ote ziren galdetzen zioten amari seme-alabek, Arregik tartean; diktadura baten pean bizi zirela bazekiten arren, "normaltzat" zuten. "Ama, gu frankistak al gara? Gu, ez. Gu ez gara ez alde batekoak ez bestekoak. Politikarik ez da komeni". Haurra zen garai horietan Arregi, baina akorduan ditu orduko bizipenak.
Eskola txikian izan zen 6 urte bete arte, Maria maistrarekin. "Oso ondo pasatzen genuen, nahikoa jolas egiten genuen; ez zigun demandarik ere egiten". Berarekin ikasi zituzten bizitzarako "funtsezkoak" zaizkion balioak. "Ni ez nintzen ikasle ona, baina bera maistra espeziala zen". Hala ere, eskola handira jauzi egiteko unea iristean, bestelakoak dira oroitzapenak. "Eskola serioa hura, tristea!".
Kale giroan haziak
Kalean hazi zen Arregi herriko gainontzeko haurren eran, eta herrian izaten zen trafikoa du gogoan, Beasain-Durango errepidea igarotzen baitzen erdigunetik. "Kamioi handiak igarotzen ziren iluntzetan, eta, umeak ginela, neska txiki bat harrapatu zuen horietako batek. Zaharragoak ginela ere 12 urteko beste neska bat hil zen". Herriarentzat "kolpe handia" izan zen, denek ezagutzen baitzuten elkar. "Kanpoko jenderik ez zen bizi ordu hartan! Eta gertaerak oso tristeak izan ziren".
Trafikoaren bideratzaileak ziren herritarrak, eta Zumarragako (Gipuzkoa) korrespontsal batek ere horixe kontatu zuen egunkarian, gazteleraz. "Bada Gipuzkoan herri bat non bertako bizilagunak oso atseginak diren jainkoaren errepide hauetan gabiltzanontzat. Gizonak, emakumeak eta haurrak, denak dira trafikoko polizia. Herri hori Antzuola da".
"Erdaraz hitz egin behar zela sarrarazi ziguten buruan; hala egiten genuen lagunok"
14 urterekin lanera
1956an inauguratu zen Hilaturas de Vergara lantokia Antzuolan, eta herriko zenbait gazte hor hasi ziren lanean; asko eta asko, emakumeak. Baita Arregi ere, 14 urte bete berritan. "Bedeinkazio bat izan zen herriarentzat. Orduan ez zegoen emakumeentzat aukerarik. Lehenengo egunetik gizarte segurantza genuen. Zentzu horretan, fabrika serio bat zen". Hala ere, ezkontzeko, andre asko fabrikatik ateratzen ei ziren, etxekoandre izateko. "Ikasten genuen kozinan, josten… preparatuta geunden. Eta etxekoandre onak atera ziren! Orduan, jornal batekin etxea ondo eramaten zuten, eta artean diru pixka bat aurreratu. Zientzia ekonomikoetan lizentziatuak ziren".
Bergararekin lotura
Bergararekin harreman estua zuten, eta "oso bergararrak" ziren "gauza denetarako": erosketak, zinea, dantza… "Domeketan, dantza egitera joaten ginen Bergarako bandarekin. Dotorea izaten zen. Hiru pieza jotzen zituzten, eta deskantsua, ondoren. Tartean, paseatu egiten genuen, adios esanez elkarri". Arregiren arabera, hemen ez zen agur esaten, "soilik, Bilbon". "Erdaraz hitz egin behar zela ondo sarrarazi ziguten buruan. Etxean euskaraz egiten genuen, baina lagun artean, ez".
Harategiaren irekiera
1968an ezkondu zen Arregi, eta 1970ean zabaldu zuten harategia Joxe Mari Gabilondo senarrak eta biek. Izoztutako haragia saltzen hasi ziren. "Ez geunden oso prestatuta, baina merkea zen eta boom bat egon zen". Haragirik apenas jaten zen etxeetan ordura arte; Arregiren kasuan, bakarrik, domeketan. "Haragi zati bat tomatearekin. Orduan ondo gobernatuta bizi ginen".
Harategiari dagokionez, herriko ekonomiarekin bat zihoan: izoztutako haragia saltzetik, behietara igaro ziren; ondoren, txahalak eta txerriak, baina baita ardiak ere. Eta oilaskoak. "Akabera gabeko lana zen!".
"81 urte betetzear, aldaketa nabaritu dugu gure bizitzan, baina txarrerako ez, beti onerako"
Gaurko begirada
2000n laga zuten harategia, bi alabek hartu baitzuten erreleboa. "Guk oraindik ez geneukan asmorik uzteko, baina animatu egin nituen, eta eurek hartu zuten negozioa". 58 urte zituen orduan Arregik, eta "hutsune bat" sentitu zuen lana uztean; "triste" ere egon zen.
23 urte igaro dira ordutik, eta aldaketak izan dira. "Nik jendea ez dut gaizki ikusten". Are, bere bizitzari ere begiratu dio. "Guk gure bizitzan ere aldaketa nabaritu dugu. Baina ez txarrerako, beti onerako. 81 urte bete behar ditugu; ondo nago, baina urteak hemen daude. Hau da gure pelikula, gure bizitza".