Parke eolikoaren gaineko informazio bilera egin dute Antzuolan

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko urr. 31a, 16:57

Capital Energy enpresak dituen asmoen berri eman du Udalak, eta, aurreratu duenez, proiektuari alegazioak aurkeztuko dizkio; txosten tekniko bat egingo dute. Herritarrek ere mobilizatzeko erabakia hartu dute; astelehenean egingo dute bilera irekia.

Trekutz parke eolikoaren berri emateko, batzar irekia egin zuen Antzuolako Udalak atzo, Capital Energy enpresarekin batzartu baitziren duela pare bat aste, eta, jakinarazi dutenez, alegazioak jarriko dizkiote proiektuari. Horretarako, ordea, EAEko aldizkari ofizialean argitaratu behar dute lehendabizi; behin hori gertatuta, 30 lan eguneko epea dago alegazioetarako. Bada, horren esperoan da Udala, baina, aurreratu dutenez, txosten tekniko bat aurkeztuko dute, parke eolikoak ingurumenean izango duen inpaktua gogoan izanda. "Guk dakiguna da Katiako deposituan eragina izango dutela lanek. Basalde auzoak hortik edaten du, eta arriskuan ikusten dugu. Katiara doazen urak bete-betean dira Irimokoak, eta horrek auzo oso bat utziko luke urik gabe", adierazi du Olatz Lezeta Antzuolako alkateak.

Capital Energy enpresak asmo du berrehun metro –haize orratzak barne– luzeko bi aerosorgailu jartzea: bata, Meaka inguruan, Antzuolako lurretan; eta bestea, Irimo gainean, Urretxun. Bi punten artean, berriz, masta bat jarriko dute, haizearen eta haize erroten norabidea kontrolatzeko. Alabaina, Udalak sala- tu du harago doala proiektua: "Kontua ez da eolikoak ipini edo ez; baizik eta, horra iristeko egiten den txikizioa". Izan ere, adierazi dutenez, errepideak egin behar dira proiektua gauzatzeko. Kasu honetan, enpresako arduradunek Udalean aurkeztutako txostenaren arabera, Deskarga eta Trekutz lotzen dituen bidea aprobetxatzea dute xede, baina bost metroko zabalerara egokituta; horrez gain, Trekutzetik Irimora beste pista bat egingo lukete, neurri berberekin. "Dena apurtu behar da; gailurreria ere desagertuko litzateke".

Onurak bainoago, ondorioak

Proiektuaren onurak norentzat diren ere kezka da, eta, Udaleko ordezkarien esanetan, herriarentzat, behintzat, ez dira. "Ez gaude ados txikizio horrekin; ondorioak guri gelditzen zaizkigu, baina onurak beste batzuentzat dira. Hor dago kontraesana. Guk erabaki beharko dugu herri bezala hor txikizio hori egitea eta gero herriak hortik energia ateratzea, baina onurak inorentzat izateko, ez dugu bat egiten".

Urretxuarrekin elkarlanean

Proiektuak Antzuolan ez ezik, Urretxun ere badu eragina, eta Lezetak nabarmendu du helburua dela bi udalek batera jardutea. "Pasa den legegintzaldian mozio bidez onartuta gelditu zen alegazioak jarri behar izatekotan, bi udaletxeek batera egitea. Horretan saiatuko gara". Dena den, aitortu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak duela azken hitza. Hain justu, alegazioetarako epea amaitu ostean, sei hilabeteko epea izango du Jaurlaritzak egoera aztertzeko, baina proiektua onartuz gero, enpresak aurrera egiteko aukera izango luke.

Herritarren taldea

Trekutz parke eolikoari alegazio teknikoak jarriko dizkio, beraz, Udalak, baina batzar irekiaren ostean, herritarrek ere adierazi dute ez dutela geldi egoteko asmorik. Zutabe sozialari ekiteko erabakia hartu dute batzuek, eta, aldi berean, talde bat sortzekoa. Hala, astelehenean, hilaren 6an, egingo dute lehen batzarra, Olarango bigarren pisuko areto nagusian, 17:30ean. Parte hartzaileetako bakoitzak dituen asmoen berri emango du; horrela, egin beharrak zehaztuko dituzte. 19:00etan, berriz, udaleko ingurumen batzordea izango da, udaletxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak