'Oiogorri' film laburra grabatzen aritu dira egunotan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urr. 11a, 15:47

Geuretik Sortuak egitasmoari esker, film laburra grabatzen aritu dira Pette Etxebarria eta bere lantaldeko kideak, Antzuolan. Herritarren laguntza izan dute horretarako, eta eskertuta daude izandako harrerarengatik. Urriaren 21ean Aiherran izango dira.

Bilbon bizi den gizonezkoa da Agustin. Ahal bezala bilatzen du bizimodua, eta dirua ateratzeko, estatua biziduna da. Oilo batekin bizi da, baina galdu egiten da. Bere atzetik joango da mendiz mendi, Zuberoara iritsi arte; tartean, Antzuolatik ere igaroko da.

Hori da Oiogorri film laburreko istorioaren parte bat, Pette Etxebarria zuzendariak aurreratu duena, ez baitu xehetasun guztien berri eman nahi izan. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoari esker ari da filma grabatzen, eta Antzuolan izan zen pasa den astean, urriaren 4 eta 5ean. Are gehiago, Aiherran (Nafarroa Beherea) ere izango da, bi herrien arteko senidetza hizpide izango baitu.

Filmatutako eszenak

Bilbon filmatu zituzten lehen eszenak, eta Antzuolara jo zuten ondoren. "Herritar anitz hurbildu da, eta eskertzen diet haien presentzia, zeren eta ez da erraza izan behar horrela kamera aitzinean aritzea. Anitz izan dira, baina oso ongi jokatu dute", azaldu du Etxebarriak.

Pette Etxebarria: "Herritar anitz hurbildu da, eta eskertzen diet haien presentzia. Oso ongi jokatu dute"

Han izan zen Ander Lipus antzerkilaria ere, bera baita pertsonaia nagusia gorpuztearen arduraduna. Hala, Antzuolan izandako esperientziaz jardun du. "Bilbon jende gehiago zebilen, eta zailagoa izan zen lan egitea; jende gehiago zegoen begira ea zer genbiltzan egiten. Gainera, nire aurpegi gorriarekin…". Musu gorri-gorriarekin antzeztu baitu Agustinen pertsonaia Lipusek, horren zergatiaren berri eman ez diguten arren. "Beste bake batekin aritu gara, ordea, Antzuolan. Erosoago gaude, eta hauekin lan egitea lasaia da".

Lantaldearen berri

Etxebarriaz gain, beste bi kidek osatzen dute lantalde teknikoa. "Talde txikia gara. Hiru teknikari gara: batek, soinua hartzen du; beste bat laguntzaile gisa ari da lanean; eta azkenik, kameraz arduratzen naiz ni", esan du zuzendariak. Haren arabera, ordea, "denak lagunak" dira, eta baita Lipus bera ere.

Hain justu, Oiogorri filmeko zuzendaria gerturatu zitzaion Lipusi pertsonaia antzezteko proposamena egitera, eta aktoreak ez zuen dudarik izan. "Artista moduan ezagutzen dut Etxebarria, eta bere mundua beti da interesgarria, ezberdina eta pertsonala; baietz esan nion, gustura egingo nuela. Gidoia irakurri nuenean pixka bat eroa iruditu zitzaidan, baina berak nirekin lan egin nahi zuen". Hala, zin egin zion denboraz ondo ibiliz gero, lana onartuko zuela. Eta horrela izan da.

Ander Lipus: "Artista moduan ezagutzen dut Etxebarria, eta bere mundua beti da interesgarria, ezberdina eta pertsonala"

Proposamenaz harago, Lipusek garrantzia eman zion istorioak transmititu nahi duen mezuari ere: "Nik uste dut kritikoa dela. Mundu ero honi egiten dio kritika. Ez dut spoiler-ik egingo, baina pertsonaiak, protagonistak duen ibilbidea eta oilo horren atzean dagoen metaforak badu zer esana. Interesgarria da". Gainera, erantsi du aktore ibilbidean Agustinen erako pertsonaia batzuk egitea ere egokitu izan zaiola. Beraz, esperientzia badu.

Ondoren, Aiherran

Bilbon eta Antzuolan filmatzen aritu ostean, Zuberoan ere arituko dira egunotan, eta azkenik Aiherra izango dute helmuga, urriaren 21ean. "Filmeko beste sekuentzia bat grabatuko dugu han, eta herritarren laguntza eskatzen dugu; izanen dira aihertar batzuk filmatuak izaten direnak, eta antzuolar batzuk ere hurbilduko dira". Alabaina, parte hartu nahi duen oro gerturatu daiteke filmaketa egun horretara, laguntza eskertua izango delakoan.

Filma abenduaren amaierarako amaituko dute, eta 2024an aurkeztuko da, Geuretik Sortuak egitasmoan egingo diren lanen zirkuitu batean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak