Etorkizuneko hilerriaren nolakotasunaz aritu dira herritarrak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urr. 3a, 16:15

Hil Arte Bizi egitasmoak, Antzuolako Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa taldeak, etorkizuneko hilerria irudikatzeko gogoeta parte-hartzailea abiatu dute Antzuolan, eta atzo arratsaldean egin zuten lehen saio irekia.

Hogei lagun inguruko taldea batu zen Olaranen, eta Nere Erkiaga egitasmoko kidea gidari zela, irudikatzen duten hilerriaren inguruan jardun zuten. "Aipatu dugu hilerriak geldi-geldirik daudela. XIX. mendean sortu ziren gehienak, eta ordutik hona ez gabiltza pentsatzen komunitate bezala ea beharrak asetzen dituen edo aldatu egin behar diren; beraz, planteamendua zen nolako hilerria izango litzatekeen".

Dinamika bat egin, eta taldeka banatu ziren parte-hartzaileak, hiru galdera erantzuteko asmoz. Hilerria norentzat izan beharko litzatekeen aipatzearekin batera, gogoetagai izan zuten zer izan beharko lukeen eta nolakoa izan beharko litzatekeen. "Ideia pila bat agertu dira. Gero, teknikoki posible direnak-eta ekarri beharko dira, baina gehienak izan dira aniztasuna, naturaren bateratzea, leku atsegin bat izatea, joateko modukoa, ez banatzea hildakoen lekua edo irakurtzeko lekuak; dena bat izatea. Azken batea, naturalizatzea".

Hurrengo urratsak

Alabaina, gogoetak aurrera jarraituko du, eta, beraz, proposamen gehiago jasoko dira datozen asteetan. "Orain beste tailer eta ariketa batzuk egingo ditugu ezaugarri ezberdinak dituzten taldeekin, ideiak jasotzen joateko. Eta azaroan, jasotako ideia guztien sintesia egingo dugu".

Lehentasunak markatuko dituzte laburpenean, eta asmoa da martxoan aurkeztea emaitzak, txostena udaletxera helarazteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak