Martxan dira Errekalde auzoko urbanizazio eta irisgarritasun lanak, uztailaren 6ko osoko bilkuran Aritz Igeltz Antzuolako Hirigintza zinegotziak jakinarazi bezala, irailaren 15ean hasi baitzituen Morga enpresak obrak. 800.000 euroko aurrekontua dute zehaztuta horretarako, eta era horretan, helburu dute Errekalde auzoko bizilagunen ongizatean eragitea, aurreko legegintzaldian eurekin eginiko batzar irekietan identifikatutako behar eta gabeziei erantzuteko asmoz. "Biztanle gehien dituen auzoa da, eta zailtasunak izan ditu herriarekin komunikatzeko. Autobiarekin jaitsi egin zen zirkulazioa, eta joaneko Udalak erabaki zuen zerbait egiteko unea zela", adierazi du Igeltzek.
Hiru fasetan banatuko dira lanak, baina, gaur-gaurkoz, bi hasi dituztela nabarmendu du Hirigintza zinegotziak. "Bi fase batera hasi dira: Lazaretoko biltegia txikitzen hasi dira eta baita auzo barruan dagoen parkea ere. Bi fase horiek pasatzean, hirugarrenari ekingo diogu; bihurgunea".
Faseetan egin beharrekoak
Hain justu, Lazaretoa eraitsi ostean, gelditzen den zabalgunea aparkalekutzat erabiliko dute, eta leku horretara gerturatzeko sarbidea errazagoa izan dadin zebrabidea ere egokituko da. Horrez gain, zulatutako ia azalera guztia berriztuko dute, eta gurpildun aulkian dauden herritarrentzat arrapala bat egingo dute. Haurrentzako jolas parkea ere berriztuko dute, barruko baranda guztiekin batera. Eta, azkenik, auzoko argiteria publiko guztia aldatuko dute LED argiak instalatuta. Behin hori guztia eginda, zirkulazioan jarriko dute arreta; biribilgune moduko bat egingo dute errepidearen albo bietan auzora sartzeko.
Bada, horretarako bost hilabeteko epea aurreikusten dute, Igeltzek azaldu duenez. "Behin enpresarekin hitz eginda, otsailean ikusten dugu honen bukaera, baina eguraldiak asko mugatu dezake egoera".
Errekalde auzoak, beraz, beste itxura bat izango du aurrerantzean. Esate baterako, ez da Lazaretorik izango, bota egingo baitute, eta herritar batzuek erabakia penaz jaso dezaketen arren, Udaletik ziurtatu dute jaustear zegoen eraikin bat zela. Halere, uste dute hartutako erabakia "lortutako adostasunaren ondorioa" dela.