Olatz Lezeta Antzuolako alkateak, lehenengo eta behin, barkamena eskatu nahi izan die egubakoitzeko herri bazkarian egon ziren herritarrei. Izan ere, bazkarirako saldu ziren txarteletan arazo bat izan zen, eta, ondorioz, ez zegoen aski janari parte hartzaile guztientzako. "Udalak barkamena eskatu nahi die herritarrei, eta, aldi berean, baita eskerrak eman ere izandako jarrerarengatik eta emandako laguntzarengatik".
Lehen balorazio orokorrari dagokionez, ordea, nabarmendu du positiboa dela. "Ez da ezer larririk pasatu, Udalak dakienez, bederen, eta ondo joan da guztia". Halere, ohartarazi du balorazio orokorra Sormen Batzordean egingo dela, irailaren 5ean, eta parte hartzeko dei egin du.
Alardearen eskertza
Antzuolako Alardearen Kultur Elkarteak ere eskerrak eman dizkie herritarrei. Haren arabera, bi erronka zituzten esku artean: Edurne Iturberen ordezkari bat topatzea ofizial lanak egiteko, eta Juan Carlos Gomezena, mairu buruzagia izateko. "Biak ere txukun eta zuzen bete dituzte Xiker Iparragirrek eta Zishan Tariqek".
Horrez gain, eskerrak eman dizkie plazan aritu diren parte hartzaile guztiei, eta baita kanpo ibili direnei ere, hala nola entseguetako prestatzaileei, erosketak eta luntxa egin dituztenei eta Udalari eta udal langileei. "Zuen aleari esker, bikain gainditu dugu aurtengo erronka; guzti-guztiei mila esker, bihotzez. Eredugarriak zarete".
Txosnak eta Ez Dot Moztuko Bizarra
Txosna Batzordeak ere balorazio positiboa egin du, jendeak ondo erantzun duela nabarmenduta, baina baita eurek ere. "Iazkoaren ostean, hobeto antolatzeko beharra identifikatu genuen, eta gustura gaude egin dugun lanarekin. Ardurak ondo banatzea genuen helburu, eta hori erdietsi dugu". Azaldu dutenez, dirua erabili beharrean, tiketak erabili dituzte, eta uste dute funtzionamendua "egokia" izan dela. "Kanpora begira, agian, ez da horren ona izan, baina gu antolatzeko balio izan du". Horrez gainera, txosna bakarra jarri dute aurten, eta hori ere ontzat jo dute.
Ez Dot Moztuko Bizarra taldeak ere ekintzetan parte hartu dutenei eskerrak emanez hasi du balorazioa. Elkarretaratzea egin zuen egubakoitzean, eta, igandean, berriz, bazkaria eta kantaldia. "Oso giro polita egon zen. Jendea gustura gelditu zen bazkariarekin eta kantaldiarekin". Horrez gain, bokatak izan zituzten salgai lau egunez, eta "arrakasta handia" izan zuela nabarmendu dute. "Jende asko gerturatu zen".
Zozketa ere egin zuten, eta, zenbaki saridunen berri eman dute: bi pertsonarentzako otordua irabazi du Antzuolako jatetxe batean 249 txartel zenbakia duenak; urdaiazpikoa, berriz, 89 zenbakia duenarentzat izango da.