Eguenean irekiko dute txosnagunea Antzuolako aurtengo jaietarako; arratsaldeko zazpietan, zehazki. Musika-saio askoz osatutako egitaraua izango dela jakinarazi du batzordeak, eta lau egunetan zehar mota askotariko kontzertuez gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Irati Lizarraldek, Jai Batzordeko kide batek, dioenez: "Azken urteetan baino kontzertu gehiago izango dira txosnagunean. Hala ere, egitaraua, orokorrean, azken urteetakoekin alderatuta nahiko antzekoa izango da, eta ez du aldaketa nabarmenik izango".
Eguenean bertan, Xugux taldeak eskainiko du txosnaguneko lehenengo kontzertua, 00:30ean hasita; ostean, Janire Garitanok eta Irati Lizarraldek jokoak eta zumba saioa eskainiko diete han batutakoei. Rodeo, Trini Fox eta Letagin musika taldeek joko dute kontzertua egubakoitzean, 21:30ean hasita, eta, ostean, Emaion erromeria-taldea igoko da oholtzara. Zapatuan, berriz, No Limits, Añube eta Eten taldeen txanda izango da, eta, ostean, DJ Tintz-ek egingo du erakustaldia.
Jaietako azkenengo eguna Skapaie elektrotxarangaren eskutik hasiko da, goizeko zazpietan, eta Elene eta Maddi izango dira jaiei amaiera emango dietenak, kontzertu akustikoa eginda.
Berritasunak txosnan
Aurten, berritasun nagusi bat izango du txosnaguneak. Aurreko urteetan ez bezala, Jai Batzordeak txosna bakarra izango du. Hala ere, txosna bera aurreko urteetan izandakoa baino handiagoa izango da. "Horrek antolakuntza hobea ekarri eta diruaren kontrola erraztuko digula uste dugu", dio Lizarraldek. Gainera, batzordekideak aitortu du azken urteetan txosnan lan egiteko eta bertan antolatzen diren ekimenetan laguntzeko prest egoten den jende kopurua jaitsi egin dela, eta txosna bakarra izateak arazo hori konpontzen lagunduko duela: "Azken urteetan txosnan lan egiteko boluntario kopurua geroz eta txikiagoa da, eta, modu horretan, lanerako jende gutxiagoren beharra izango dugu".
Jai Batzordeak ezarritako beste berritasun nagusia ordaintzeko metodoa izango da. Ohikoena den diru metodoa alde batera utzi eta txartelak erabiliko dituzte txosnagunean, ordaintzeko elementu gisa. Txosnagune alboan izango da txartelak erosteko leihatila. "Diru kontuak kontrolatzen lagunduko digula espero dugu. Beste herri batzuetako jaietan erabili izan dute metodologia hori, eta ea gurean nola funtzionatzen duen probatzea da helburua", adierazi du antzuolarrak.
Guztiaren gainetik, errespetua
Txosnagunean festa giro ona izatea espero du Jai Batzordeak, baina, aldi berean, bertaratuko diren guztiei gauza bakarra eskatu nahi die. "Errespetua. Guk jendea besoak irekita hartuko dugu, baina guztiok jakin behar dugu jaiak guztionak direla eta denok nahi dugula jaietan giro ona izatea eta ondo pasatzea", dio Lizarraldek.
Erasoen aurkako protokoloa
Jai Batzordeak aditzera eman du ez dela "inolako erasorik onartuko" eta txosnagunean edozer gertatuz gero "erasoen aurkako protokoloa" izango dela. Protokoloa martxan jartzeko, "txosnagunera joan, laguntza eskatu" eta han adieraziko dituzte zeintzuk diren "jarraitu beharreko argibide guztiak". Gainera, txosnagunean jarriko dituzte "norbaiti zerbait gertatuz gero jarraitu beharreko urratsak zeintzuk diren azaltzen duten kartelak", adierazi du Lizarraldek.
Mikel Aginagalde: "Denboraldi batez joko dugun azkenengo kontzertua izango da"
Uda giroarekin batera datoz txosnaguneko kontzertuak; hilaren 14an Letagin Antzuolan egongo da, Rodeo eta Trini Foxekin batera; Mikel Aginagalderekin, taldeko gitarra-jolearekin hitz egin dugu.
Gogotsu Antzuolakorako?
Antzuolakoa denboraldi batez joko dugun azken kontzertua izango da. Udazkeneko geldialdiaren ostean kontzertu batzuk jo ditugu, eta, azkena izanda, gogotsu irtengo gara oholtza gainera.
Ez da han jotzen duzuen lehenengo aldia izango; zer-nolako giroa espero duzue?
Bai; iaz jo genuen auzo bateko jaietan, baina oraingoan, herriko jaiak izanik, giro beroagoa espero dugu.
Orain arteko kantuzerrenda bera joko duzue ala baduzue zerbait berezia prestatuta?
Printzipioz, azkenengo kontzertuetan bezala, gure disko berrirako kantu batzuk jotzen ari gara. Abestiak lokaletik atera eta zuzenean duten harrera neurtzeko. Zer da Letaginek buruan duena etorkizunera begira?
Irailean disko berria grabatu eta abendu ingururako kaleratzea da epe motzeko helburua. Gero, diskoa zuzenean aurkezten hasiko gara, eta dagoeneko hasi gara kontzertu horiek lotzen.