Entseguak uztailaren 12an bukatuko dituzte, eta antzuolarrek Mairuaren Alardea ospatuko dute uztailaren 15ean Herriko Plazan. Ohikoa den aurretiko kalejira abiatu ondoren, ekitaldia arratsaldeko zazpietan hasiko da. Danbor hotsek lagunduta, bi bandoak plazara joango dira. Han, parte-hartzaileek lau dantza interpretatuko dituzte, txistularien, danborradaren eta abesbatzaren laguntzarekin: makila txikiak, uztai edo arku dantza, makila handiak eta zinta dantza. Ondoren, ekitaldi nagusiari hasiera emango zaio. Han, buruzagiak herritarrei bere hitzaldia helaraziko die, eta, ostean, mairuaren buruzagiarekin elkarrizketa antzeztuko dute. Haiek elkarren arteko errespetuan eta adiskidetasunean jarriko dute arreta. Jarraian, Iparragirreren bertsoa abestuko du koruak; eta, azkenean, kanoiontziek eta fusilariek ekitaldiari amaiera emango diote tiroketaren burrunbarekin. Orduan, buruzagiak armak entregatuko ditu eta zin egingo du ez duela gehiago antzuolarren aurka egingo.
Kutsu historikoa
Alarde hitzak jatorri arabiarra du, eta, definizio erdaldunera joz, armak ikuskatzea adierazi nahi du. Antzuolarrek 920. urtean Valdejunqueran mairuen kontrako borrokaldian ustez lortu zuten garaipena goraipatzen da. Datu historikoek diote Abd-AlRahman III.aren tropek lortu zutela garaipena, baina Antzuolako Alardean istorioa alderantziz kontatzen da. 1629an herria Bergaratik independizatu zenean, orduko errege Felipe IV.ari 5.000 dukat ordaintzeaz gain, herri izaera aitortzeko balentria egin izana erakusten da. Garai batean, foruen galeraren aurretik, herrietan egiten ziren armen berrikusketak ditu oinarri ospakizunak. Independentzia lortu baino lehen, Antzuolako herritarrek Bergarara joan behar izaten zuten hori egitera, eta, erregeak herri izaera aitortu zienetik, Antzuolan bertan egiteko aukera zuten. Herri bat izatearen poza eta harrotasuna irudikatzen ditu. 1536an gertatu zena izan zen bi herrien arteko lehen tirabira. Batzar Nagusiak jendearen eta armen arteko Alardea egitera dei egin zuen. Bergararako alkateak bere herrian egiteko asmoa zuen, baina antzuolarrek ezezkoa eman zioten Bergarara joateri. Huraxe izan Antzuolak bere independentzia lortzeko egindako lehen ahalegina. Dokumentu historikoetan agertzen den Mairuaren Alardearen aipamenik zaharrena 1880koa da, Lourdes Odriozola historialariak orain dela hiru urte egindako ikerketari esker.
Mairu berria
Aurtengo berrikuntza nagusia mairu berria izango da. Zishan Tariqek hartuko du Juan Carlos Gomezen lekukoa. 30 urteko pakistandarra 2006an iritsi zen Antzuolara eta geroztik herrian bizi da. Azken urteetan Alardeaz kanpotik gozatu du eta aurten txanponaren beste aldea biziko du: "Gogotsu nago esperientzia berri hau bizitzeko". Bestalde, azaldu duenez, bideoak ikuskatzeko asmoa du, dituen zereginak aztertzeko. Batez ere, zaldian nola ibili ikasi nahi du. Nabarmendu duenez, "lanerako gogoz" dago, ez baitu ilusiorik falta. Mairuaren Alardearen Kultur Elkarteko kide Xabier Legorburu ere "oso gustura" agertu da Tariqen izendapenarekin. "Bazen, zelanbait, bila ari ginena: Antzuolako gazte batek bere burua eskaini du ekitaldian parte hartzeko, eta, gainera, horrelako postu esanguratsu baterako". Haren arabera, mairua izateak "berezitasunak" baititu. "Plazagizona izan behar da plazan agertzeko, tenplearekin egoteko. Bada, orain rol horri dagokion zeregina zein den ikasi beharko du". Tariqek ere argi du orain ikastea dagokiola. Mairuaren arropak probatu eta zaldiaren gainean nola ibili ere ikasi beharko du, mairua hala ageri baita. "Lehengo mairuarekin ere egon beharko dut; gauzak nola egin behar ditudan ikasi beharra daukat".
Errelebo falta
Antolatzaileek ekintzan parte hartzeko jende falta nabarmendu dute. Horrelako egitasmoak aurrera ateratzeko Antzuola bezalako herri txiki batean jende gaztea "beharrezkoa" dela esan dute. Belaunaldi aldaketa hori gauzatzeko, azken urteetan ekitaldi mordoxka antolatu dituzte jende berria erakartzeko. Nahiz eta taldean kide fidel asko izan, urtero kostata lortzen dute jende kopuru minimoa betetzera iristea. Historian zehar birmoldatuz joan da ekitaldia. 1976an lehen aldaketak egin ziren –euskaraz lehenengoz– eta 2009tik aurrera beste hainbat egokitzapen egin ziren, Abderraman III.a buruzagi presoaren irudia duindu, ondu, baloratu eta errespetatzeko.
Emakumeen parte-hartzea
Alarde parekidea lortzeko helburuarekin, denboran zehar emakumeek rol parte-hartzaileagoa izatea aldarrikatu da. Horren harira, 2011n buruzagiaren guardian eta 2012an kanoi eramaileen artean sartu ziren emakumeak. 2019an, berriz, Edurne Iturbe kapitain izendatu zuten.