Txosnaguneko eskaintzaz harago, Udalak ere musika eskaintza zabala antolatu du jaietarako. Hala, urtero bezala, ez dute hutsik egingo Araiako Joselu Anaiak eta Zumarragako Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeek. Aurten, berritasun nagusitzat, jaietako azken egunean, hilaren 16an, Tierra De Mis Amores mariatxi-taldea egongo da, lehenengoz, herriko kaleak girotzen.
Klasikoak
Bentazaharreko Mutiko Alaiak izango dira lehendabizikoak. Urtero lez, uztailaren 13an egingo den kantu afaria girotzeko ardura izango dute, 21:30ean hasita. Juanlu Aranburu taldeko partaide da, eta Antzuolako hitzordua egutegian gorriz markatzen duten egunetako bat dela dio: "Nik Udalekoei galdetzen diet ia jendea ez den aspertzen gure musikarekin, baina ez, inondik inora, antzuolarrak ez dira nekatzen". Argi utzi nahi izan du haien emanaldia ez dela ikuskizun bat, eta publikoak berebiziko "garrantzia" duela abestiak kantatzeko orduan.
Uztailaren 14an, egubakoitza, 22:00etan hasita, Lisker taldearen erromeria izango da Herriko Plazan, (22:00). Eta zapatuan izango da egun handia. Arratsaldean Skapaie elektrotxarangak motorrak berotu ondoren, 22:00etan Arabako Joselu Anaiak taldearen txanda izango da. Taldeko abeslari eta konpositore Joselu Ruiz de Gordoa irrikan dago beste urte batez Antzuolan izateko. "Gogo handiz gaude beste urte batez; izan ere, etxean bezala sentitzen gara. Jende asko ezagutzen dugu, eta polita da belaunaldien igarotzea ikustea", azaldu du. Alde horretatik, gaineratu du oroitzapen "ederrak" dituztela, giro jatorra eta euskalduna egoten delako beti.
Azken egunean, hilaren 16an, goizean, eta lehenengo aldiz, Tierra De Mis Amores mariatxi-taldearen emanaldia egongo da, (12:00). Aurtengo jaiei amaiera emateko ardura, berriz, Iratzar taldeak izango du. Antzuolarrek hasi dute dagoeneko atzerako kontaketa.