ALBISTEAK

Zumitzezko uztaia jasota, Olatz Lezeta Urzelai izendatu dute alkate

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko eka. 17a, 15:04

Ezustekorik gabe, Olatz Lezeta Urzelaik hartu du Antzuolako alkate kargua, hunkituta. Eskerrak eman dizkie ingurukoei, eta herritarrei batzordeetan parte hartzeko dei egin die.

Udalbatza eratzeko osoko bilkura hasi aurretik, Adinekoen Mahaia osatu dute EH Bilduko bi zinegotzik: Inma Beristainek, zinegotzi zaharrenak, eta Imanol Lizarraldek, gazteenak. Adin Mahaiak gidatuta, udalbatza eratzeko osoko bilkura hasi dute, eta kargua hartu dute zinegotziek. Espero bezala, zazpi aldeko botorekin izendatu dute Lezeta alkate, eta Josu Xabier Arangurenek lau jaso ditu, EAJko ordezkarienak.

Kortabarriaren eskutik jaso du zumitzezko uztaia Lezetak, eta baita Antzuolako udaletxeko eraikina zizelkatuta duen sukaldeko ohola ere, azken bi legegintzaldiko alkateak nabarmendu baitu "sukaldeko lan handia" egin behar izaten dela. Lezetak hunkituta jaso ditu hitzok, baina gogoz dago lanean hasteko. "Prozesua luze egin zait, baina pozik eta gogoz nago. Iritsi da hasieran pentsatu genuen unea".

Herritarren parte-hartzea

Erraz hunkitzen dela adierazi du Lezetak, eta eskerrak eman dizkie ingurukoei zein babestu dutenei. Eta, horrez gain, mezu bat helarazi die herritarrei. "Ea batzordeetara jendea animatzen den. Herri bat egin nahi baldin badugu, herritarren hitzak egon beharko du. 11 lagunek zein herri nahi dugun erabakitzea zaila izango da; denon parte hartzearekin, guztiok gustukoago dugun herri bat izango dugu".

Josu Xabier Aranguren EAJko ordezkariak, berriz, adierazi du euren lana oposiziotik egingo dutela, baina asmoa ekarpenak egitea dela. "Herritarren ikuspuntu ezberdinak udaletxera ekartzea. Eta ahal den heinean, adostasunetara heltzea horiek aurrera eramateko, baina oposizioa den heinean, gure lana euren jarduna zaintzea ere izango da. Hori ezinbestekoa da".

Antzuolako udalbatza osatzen duten 11 ordezkariak.

Zumitzezko uztaia, beraz, Lezetaren eskuetan dago dagoeneko, eta baita udaletxeko giltzen sorta ere, Kortabarriak udalbatza berria eratu orduko eman baitizkio alkate berriari. Astelehenetik aurrera ekingo diote lanari, eta ezusterik ez bada, 2027ra arte arituko dira zeregin horretan.   

Erlazionatuak

Antzuolako udalbatza berriaren eraketa ekitaldia

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023 eka 17 Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak