Hilabete falta da herriko jaiak hasteko. Edo, hobeto esanda, amaitzeko; festetako domeka izango baita 30 egun barru, eta, ziur aski, dagoeneko ez da energia handirik izango parrandan jarraitzeko. Alabaina, baliteke aje fisiko zein emozional horiek alferrikakoak ez izatea, aurreko egunak giro onean pasatu izanaren seinale izatea; behintzat, kasu batzuetan. Hori gertatu dadin, ordea, eragileek argi dute antolakuntza behar-beharrezkoa dela, eta horretan dihardute azken asteetan batzordeek; gozamenak bide izan dezan, aurreko lanari ekiten.
Dena den, parte-hartzea ez da espero bezalakoa. Jai Batzordeari dagokionez, esate baterako, bertako kideek aitortu dute ez dela handia izan. Deialdi zabala egin zen herritarrak bertaratzeko, eta hiru bilera egin dituzte. Txosna Batzordea, Landatxope jubilatuen elkartea, Mairuaren Alardea elkartea eta Udaleko ordezkariak izan dira batzarretan, eta euren proposamenekin ondu dute egitaraua. "Osatu duguna aurreko urteetakoaren antzekoa da; ez dago aldaketa handirik, baina bada nabarmen bat: herri bazkaria".
Herri bazkaria
Uztailaren 14an, egubakoitza, egingo da otordua. "Kuadrillak sakabanatuta egon ohi dira egun horretan, bakoitza bere kasa; aurten bazkaria antolatu dugu denok elkarrekin egoteko. Ea giroa hobetzen den".
Euskal Parrilla antolatuko da bazkaria egiteaz, eta txartelak salgai daude liburutegian eta udaletxean. Hiru menu izango dira aukeran. Ohikoan, entsalada mistoa, baserriko oilaskoa eta txerri saiheskiak parrillan eta Ezeizako pastelak izango dira; beganoan ere entsalada mistoa egingo da, barazki-menestrarekin, lasagna beganoarekin eta frutarekin batera. 22 euroko prezioa dute, eta biek dute barne ogia, kafea eta edaria. Haurrentzako menua ere izango da, 13 eurotan: iberikoak, urdaiazpiko-kroketak, zero kilometroko hanburgesak parrillan patatekin eta izozkia.
Ekintzen aurrerapena
Jai Batzordeak adierazi duenez, "jaiak gustuko dituztenei zuzenduta dago egitaraua, ondo pasatzeko gogoz" daudenei. Gaur-gaurkoz, ez dute ekintza guztien berri eman, baina aurreratu dute domeka eguerdian, adibidez, Mexikoko mariatxi talde bat izango dela dantzari bikote batekin batera. "Ederra izango delakoan gaude". Arratsalderako trialsina antolatu dute. "Duela urte batzuk ere egon zen, eta jendeak berriro zuen ekartzeko nahia".
Txosna Batzordeak ez du aurreratu zer egongo den; horretarako itxaron egin beharko da pixka bat, baina azaldu dute ez dela aldaketa handirik izango aurreko aldiekin alderatuta. "Ez da aparteko nobedaderik izango, baina, nabarmentzekotan, esan dezakegu ohi baino kontzertu gehiago egongo direla". Jai herrikoiak antolatzea dute xede, denek gozatzeko tokia izan dezaten, baina, batez ere, gazteek. "Euskalduna, feminista, herrikoia eta eraso gabeko gune bat bultzatu nahi dugu".
Parte hartzeko deia
Horretarako, ordea, antolaketa lanetan dabiltza. Taldeka banatuta dute batzordea eta horretako bakoitzak zeregin propioak ditu. "Kontzertu guztiak lotuta ditugu, eta eskatu beharrekoak eskatuta; esan dezakegu inoiz baino goizago ibili garela". Herriko Jai Batzordearen eran, ordea, gaineratu dute ez dela "parte hartze handirik" izan. Haien arabera, batzordeko kideak buru-belarri dabiltza lanean, baina ez da jende berririk batu taldera. "Espero dugu jaietan dauden lanetan parte hartzea handitzea, denon artean errazago egiten baitira".
Hain justu, ohartarazi dute txosnetan txandak egin beharko direla eta txosnagunearen muntaiarako ere jendea beharko dutela; esate baterako, oholtza jartzeko. Bada, bertan parte hartzeko dei egin dute, eta baita batzordeko batzarretan ere: "Lasai asko etor zaitezkete".