Etorkizuneko hilerria irudikatzeko gogoeta parte hartzailea egingo dute Antzuolan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko mai. 16a, 14:59

Hil Arte Bizi egitasmoak, Antzuolako Udalak eta Antzuolako Herri Eskolak etorkizuneko hilerriaren inguruan gogoetatzeko prozesua abiatu dute. 4 urteko ikasleekin egin dute lanketa, eta asmoa da udazkenean helduekin hastea, gerora "iparrorratz" izan dadin.

Heriotza "tabua" dela dio Nere Erkiaga Hil Arte Bizi egitasmoko kideak, heriotzaren inguruan naturaltasunez hitz egiteko "zailtasun handiak" daudela. Haren arabera, herritarrak, komunitateak gai honen inguruan ahalduntzea beharrezkoa da, eta beraz, Antzuolako Udalarekin eta Antzuolako Herri Eskolarekin elkarlanean, gogoeta parte hartzaile bat jarri dute martxan, etorkizunera begira jarri eta hilerriak nolakoa izan beharko lukeen irudikatzeko.

Maiatzaren 11n eman zituzten gogoeta prozesu horren gaineko azalpenak Olaranen eginiko aurkezpenean, Erkiagak uste baitu hilerrien funtzioa aldatuz doala gizartea eraldatu ahala, eta horren gainean hausnartu beharra dagoela. "Egungo gizartearen ezaugarrietara egokitu eta bere funtzioa beteko duen etorkizuneko hilerria nolakoa izan daitekeen gogoetatzeko oinarriak badaude".

Martxan dira eskolan

Eskolako ordezkariei egin zien planteamendua, ikastetxeak ibilbidea egina duelako heriotzaren lanketan, eta nabarmendu du irakasleek egitasmo "edertzat" izendatu zutela proposamena. Hala, lanean hasi ziren.

Egindako urratsak, ordea, ez ziren une batetik bestera erabakitakoak izan. 1980ko hamarkadatik dabiltza gaia eskolan lantzen, gutxi gorabehera; 5 eta 7 urteko bi ikasleren gurasoetako bat hil baitzen istripuz, eta irakasleek halabeharrez ikusi zuten euren burua behartuta gai hau lantzera, eskola komunitatean gertatutako heriotzen eragina bizi zutelako ikastetxean.

Pilar Etxaniz eta Maria Eugenia Irazabal eskolako irakasleak ziren orduan, eta orain jubilatuta dauden arren, azalpenak eman dituzte. Irazabalen hitzetan, gertaera horren ostean, "berehala" ohartu ziren helduak beldur zirela heriotzari buruz hitz egiteko, ez zekitela nondik eta nola heldu gaiari. "Ezjakintasunetik hasi ginen lanketan. Gure artean elkarrizketak edukitzen hasi ginen, eta baita dokumentazioak topatzen ere, ea zer egin zitekeen horrelako egoera baten aurrean; baina ez hori soilik, baita egoera hori gertatu baino lehenago ere".

Estrategiak lotzen eta materiala biltzen hasi ziren, batez ere ipuinak, haurrekin gaia lantzeko tresna egokitzat jotzen baitzituzten. Harrezkero, Irazabalek nabarmendu du "kasuistika ugari" izan dituztela eskolan, eta bakoitzari modu batera erantzun behar izan diotela.

Protokoloa martxan

Duela hamabi urte, ordea, eskolako komunitateko guraso bat gaixotasun larri batekin zegoen, eta irakasle ohiek jakinarazi dute bazekitela hil egingo zela. "Hil egin zen, baina ordura arte, lan asko egina geunden, ikastaroetan parte hartuta; halaber, ikusi genuen behar bat protokolo bat idazteko, puntuz puntu zer egin behar zen gaixotasun baten aurrean eta zer heriotza etortzen zenean".

Espazioak sortzen hasi ziren hiltzen ziren horiei eskaintzeko, haurrek zein eskolako komunitateak zaindu zitzaten. Irazabalek azaldu duenez, gurasoetako batzuk hasieran "larritu" egiten ziren, baina umeen tratua ikustean lasaitu egin ziren, eta ordutik, halako lanketa ugari egin dituzte, betiere hildakoaren familiarekin kontsultatuta eta alboan izanda. Izan ere, Erkiagak erantsi duenez, heriotzaren pedagogiak asmo du egunerokotasunean gaiari buruz hitz egiteko aukera ematea, haurrei askatasunez aritzekoa, euren ondorioetara heltzeko erraztasunak izan ditzaten.

Hilerriaren proiektua

Elixabet Pueyo eta Josune Jimenez Antzuolako Herri Eskolako irakasleek ere argi dute heriotza landu beharra dagoela, bizitzaren parte delako. "Sarri, gelan hori ahaztu egiten dugu irakasleok, edo ezikusiarena egiten dugu, gure ezintasunetik zaila delako ukitzen gaituen horren inguruan aritzea, gestionatu ezina-edo gelan jorratzea. Saiatu gara bizitza lantzen".

4 urteko gelako haurrekin hasi dira lanean. Bizitzaren sorreratik abiatu, eta haurdunaldia landu dute. Alabaina, jakin dute badirela jaiotzen ez diren edo hilik jaiotzen diren haurrak ere. Tartean, Antzuolako hilerria ere bisitatu dute, eta etorkizunekoa irudikatu dute, nolakoa nahiko luketen marraztuta.

Txikienek, beraz, lanaren parte bat egina dute, eta orain helduagoei dagokie lanketa egitea, asmoa baita udazkenean herritarrekin biltzea eta hilerria marrazten hastea, ikasleenekin elkartzeko eta sintesi bat eginda Udalari eman ahal izateko, etorkizunean esku-hartze bat egin nahiko balu, "iparrorratz bat" izan dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak